18:31

Munduko Txapelketa

Qatar 2022

Frantzia nagusi izan da Poloniaren aurka (3-1), eta final-laurdenetarako txartela eskuratu du

A. B. E. | EITB Media

Frantziako selekzioak mendean hartu du Poloniakoa 3-1eko emaitzarekin Munduko Txapelketako final-zortzirenetako partidan. Giroudek sartu du frantziarren lehen gola, eta Mbappek, beste biak. Lewandowski izan da poloniarren golegilea.

  • Frantzia - Polonia

    Frantziako jokalariak Giroudek Poloniari sartu dion gola ospatzen. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Frantziak Qatarko Munduko Txapelketako final-laurdenetarako txartela eskuratu du igande honetan (abenduak 4), Poloniari 3 eta 1 irabazita. Poloniarrek agur esan diote txapelketari, final-zortzirenetan.

Lehen minutuetan, Frantzia izan da nagusi, eta abagune argiak izan ditu. Bosgarren minutuan Varanek egin duen errematea kanpora joan da; bost minutu geroago, Dembeleren jaurtiketa kornerrera desbideratu du Berezynskik; eta, 13. mintuan Szczesny atezainak saihestu du gola, Tchouameniren jaurtiketa geldituta.

Poloniak nola edo ahala eutsi die aurkariaren erasoko jokaldiei, eta gola sartzeko lehen aukera izan du 20. minutuan, kanpora joan den Lewandowskiren jaurtiketaren bitartez. Ondoren, parekotasuna izan da nagusi, baina 35. minutuan Mbappek jokaldi bikaina egin, jaurti, eta Szczesnyk erantzun bikaina eman dio aurrelariaren erremateari. Ia jarraian, Poloniak abagune hirukoitza izan du; Lloris atezainak Zielinskiren jaurtiketa desbideratu du, eta, ondoren, Tchouamenik baloia atepetik atera du birritan.

Bazirudien lehen zatia berdinketarekin amaituko zela, baina ez da hala izan, Frantziak gola sartu baitu 44. minutuan: Giroud izan da golegilea (1-0), Mbapperen pase bikaina baliatuta.

Bigarren zatian baloiaren jabe egin da Frantzia, baina kosta egin zaio abagune argiak sortzea. Lehena 65. minutuan izan du; Giroudek, ordea, kanpora bidali du errematea Dembeleren erdiraketaren ostean.

Polonia saiatu da erasora jotzen, nahiz eta ez duen izan gola sartzeko aukera argirik. Neurketako 75. minutuan Frantziako selekzioak kontraeraso azkarra antolatu du, eta Mbappek 2-0ekoa jarri du markagailuan, jaurtiketa bikainarekin Szczesny gaindituta.

Jada 90. minutua pasata, Mbappek frantziarren hirugarrena egin du (3-0), area ertzetik jaurtiketa bikaina atera, eta gol ikusgarria sartuta.

Norgehiagoka amaitzear zela, epaileak Poloniaren aldeko penaltia adierazi du, Upamecanok baloia eskuarekin jo duelako area barruan. Llorisek gelditu egin dio jaurtiketa Robert Lewandowskiri, baina atezaina aurreratuta egon da poloniarrak jaurtiketa egin duenean, eta errepikatu egin behar izan da. Bartzelona taldeko jokalariak berak hartu du jaurtitzeko ardura bigarren aukeran ere, eta Lewandowskik ohorearen gola sartu du Poloniarentzat (3-1).

Amaieran, Frantziarentzat garaipena eta final-laurdenetarako txartela.

Fitxa teknikoa:

3- Frantzia: Lloris; Kounde (Disasi, 92. min), Varane, Upamecano, Theo Hernandez; Tchouameni (Fofana, 66. min), Rabiot; Griezmann; Dembele (Coman, 76. min), Giroud (Thuram, 76. min) eta Mbappe.

1- Polonia: Szczesny; Cash, Glik, Kiwior (Bednarek, 87. min), Bereszynski; Krychowiak (Bielik, 71. min); Kaminski (Zalewski, 71. min), Zielinski, Szymanski (Milik, 64. min), Frankowski (Grosicki, 87. min) eta Lewandowski.

Golak: 1-0, 44. min: Giroud; 2-0, 74. min: Mbappe; 3-0, 91. min: Mbappé; 3-1, 99. min: Lewandowski (p).

Epailea: Jesus Valenzuela (VEN). Txartel horiak atera dizkie Tchouameni (37. min) Frantziako jokalariari eta Bereszynski (47. min) eta Cash (88. min) Poloniako futbolariei.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    25 Zuzenean 17:00 - 20:00 PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena