Munduko Txapelketa
QATARKO MUNDUKO TXAPELKETA
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Saudiarrek markagailua irauli dute bigarren zatian, atsedenaldira atzetik joan ostean. Messik penaltiz sartutako golari Buelta emateko gai izan dira.
Saudi Arabiako jokalariak Argentinaren aurka sartutako goletako bat ospatzen. Argazkia: EFE
Albisteak (5)
Informazio gehiago (1)
Argentinak kolpe handia jaso du astearte honetan Qatarko Munduko Txapelketan, Saudi Arabiaren aurka galdu baitu (1-2) C multzoko lehen jardunaldian. Asiako taldea Leo Messik lehen zatian penaltiz sartutako gola iraultzeko gai izan da bigarrenean, Alshehriren eta Aldawsariren golei esker.
Scaloniren hamaikakoa oso indartsu zelairatu da hasierako minutuetan, aurkariari beldurra eraginez, baina saudiarrek berehala utzi diote beldur izateari, hau da, markagailuan azpitik zeudela ikusi bezain laster. Izan ere, hamargarren minuturako Messik gola lortu du penaltiz, VARak antzeman egin baitu Saud Abdulhamidek Leandro Paredesi heldu diola area barruan.
Gola jaso ostean, piztu egin da Saudi Arabia. Erasokorrago agertu da, eta buruhausteak sortu dizkio Hego Amerikako taldeko atzealdeari. Dena den, kamuts agertu da azken metroetan. Hori bai, Herve Renardek zuzendutako taldeak, jokoz kanpoaren tresna lagun zuela, argentinarren erasoaldiak bertan behera uzteko gai izan da. Horren adierazle da VARak argentinarrei zortzi minuturen buruan baliogabetu dizkien hiru gol, bat Messiri eta beste bi Lautaro Martinezi.
Baina gero, bigarren zatian, goitik behera aldatu da guztia. Neurketa erabat ireki da. Ordura arte, Saudi Arabiak apenas sortu du arriskurik, baina gero egin du. Lehenengo, Firas Al Buraikanen erdiraketa on batean, Saleh Al Shehrik Emiliano Martinez atezainarengandik urruti gurutzatu du pilota. Sei minutu geroago, Salem Al Dawsaik gol aparta lortu du areaz kanpotik zartako bikain batekin, lau defentsa agerian utzi ostean.
Markagailuan atzetik zegoela, Scalonik hiru aldaketa egin ditu aldi berean, eta Enzo Fernandez, Julian Alvarez eta Lisandro Martinez zelairatu ditu konponbideen bila. Tagliaficok geltu izan du berdinketa 63.ean, baina Al-Owaisek geldiketa bikaina egin dio.
Atezain arabiarra gainditu ezinezko horma bihurtu da argentinarrentzat, haien aukerak bata bestearen ondotik zapuztu baititu. Argentinak behin eta berriz bilatu ditu Angel Di Mariaren barneraldiak, baina haren erdiraketek ez dute inoiz errematatzailerik aurkitu.
Horrela, Argentina txapelketan beste hutsik egiteko tarterik gabe geratu da Mexikoren eta Poloniaren aurkako neurketetan.
Fitxa teknikoa:
1 - Argentina: Emiliano Martínez; Nahuel Molina, Nicolás Otamendi, Sergio Romero (Lisandro Martínez, 58. min), Nicolás Tagliafico (Marcos Acuña, 70. min); Leandro Paredes (Enzo Fernández, 58. min), Rodrigo De Paul, Papu Gómez (Julián Álvarez, 58. min); Messi, Ángel Di María, Lautaro Martínez.
2 - Arabia Saudí: Mohammed Khali Al-Owais; Saud Abdulhamid, Hasan Al-Tambakti, Ali Al-Bulaihi, Yasir Al-Shahrani; Abdulealh Almalki (Abdulelah Al Amri, 88. min), Mohamed Kanno, Salman Al-Faraj (Hattan Bahebri, 45+3. min) ; Salem Al-Dawsari, Feras Al-Buraikan (Haitham Asiri, 88. min), Saleh Al-Shehri (Sultan Al Ghannam, 78. min).
Golak: 1-0, 10. min: Messi, penaltiz. 1-1, 48. min: Saleh Al Shehri. 1-2, 53. min: Salem Al Dawsari.
Epailea: Slavko Vincic (Eslovenia). Txartel horiak: Abdulealh Almalki, Ali Al Bulaihi, Salem AlDawsari, Saud Abdulhamid eta Awaf Al Abed.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa