Eibar
20. jardunaldia
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Joseba Etxeberriak entrenatzen duen taldearen zazpigarren porrota da etxetik kanpo, jarraian, Kordobaren kontra 2-1 galdu ostean.
Kordoba-Eibar partidako irudia. Argazkia: SD Eibar
Eibarrek 2-1 galdu zuen asteartean Kordobaren aurka, Hypermotion Ligako 20. jardunaldian, El Arcangel futbol-zelaian. Horrenbestez, armaginek etxetik kanpo jokatutako azken zazpi norgehiagokak galdu dituzte. Kordobarrek, ordea, ligako lehen itzulian ez du partidarik galdu etxean.
Gaueko lehen aukera Pascualek izan zuen, partida hasi eta berehala, 8. minutuan, urrunetik egindako jaurtiketa batekin. Carlos Marinek baloia kornerrera bota behar izan zuen.
Gipuzkoako taldea nagusi izaten hasi zen arren, lehen ordu laurdena beteta, 16. minutuan, Kordoba aurretik jarri zen markagailuan, Théo Zidanek Casasi egindako pase bikaina sare barrura bidalita.
Dena den, handik hiru minutura, Eibarrek neurketa bana jarri zuen, Nolaskoainen eskutik. Berdinketa eta gero, ordea, ez zen gol-aukera gehiagorik izan lehen zati osoan.
Bigarren zatian, jokoaren erritmoa mantsotu egin zen, eta lehen ordu erdia pasa arte itxaron behar izan zen beste arrisku-aukeraren bat ikusteko. Kordobak bi izan zituen: Xavi Sintesek lehenik, eta Theok, ondoren, 64. minutuan. Sintesen jaurtiketa zutoinera joan zen, eta Theorena, berriz, zutoin gainetik kanpora. Apur bat geroago, Eibarri iritsi zitzaion markagailuan aurretik jartzeko parada, baina Alkainek ez zuen asmatu.
Azkenik, Ander Yoldik eta Adilsonek eman zioten garaipena Kordobari, 86. minutuan. Bandatik baloia atera zuen Yoldik eta jokalari portugaldarrak ez zuen hutsik egin, eta 2-1ekoa erdietsi zuen taldeak.
-Fitxa teknikoa:
2 - Kordoba: Carlos Marin; Carlos Isaac, Xavi Sintes, Martinez, Calderon; Isma Ruiz, Alex Sala; Carracedo, Théo Zidane (Adilson, 75. min), Jacobo (Genaro, 90. min); eta Antonio Casas (Ander Yoldi, 84. min).
1 - Eibar: Magunagoitia; Corpas, Carrillo, Arambarri, Arrillaga (Toni Villa, 88. min); Sergio Alvarez, Nolaskoain (Matheus Pereira, 66. min); Alkain, Madariaga (Cristian Gutierrez, 88. min), Guruzeta (Puertas, 75. min); eta Pascual (Bautista, 66. min).
Golak: 1-0, 16. min: Antonio Casas. 1-1, 19. min: Nolaskoain. 2-1, 86. min: Adilson.
Epailea: Huerta de Aza. Théo Zidane (31. min), Antonio Casas (45. min), Martinez (75. min) eta Calderon (94. min) etxeko jokalariei txartel horia atera zien, baita Alvaro Carrillo Eibarko jokalariari ere (2. min).
Gertakariak: Hypermotion Ligako 20. jardunaldiko partida, El Arcangel futbol-zelaian, 15.633 ikuslerekin.
Hurrengo zuzenekoak
20 | 16:15 - 19:00 | PALA | Gabonetako jaialdia: Gaubeka-Gordon vs Madariaga-Urrutia eta Maldonado-Del Rio vs Fusto-Perez |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa