Eibar
18. jardunaldia
EITB Media
Talde armaginak aurrea hartu du Pascualen golari esker. Sokok berdinketa lortu du atsedenaldira iritsi aurretik, eta Aragoiko taldea nagusi izan da bigarren zatian. Sielvak, penaltiz, markagailua irauli du, eta Dani Jimenezek Corpasi egindako penaltia gelditu du norgehiagokako azken jokaldian.
Huesca VS. Eibar Argazkia: @SDEibar
Huescak 2-1 garaitu du Eibar, Corpasek azken minutuan jaurtitako penalti bat huts egin eta gero, euskal taldeak etxetik kanpo daraman dinamika txarra berretsi duen neurketako azken jokaldian.
Bi taldeek kontrol handiarekin eta joko oso mantsoarekin elkar aztertzen minutu batzuk eman ondoren, Eibar Huescaren ate ingurura iritsi den lehen aukeran, Corpasek barnealdi batean erdiratu du area barrura, eta Dani Jimenezek ezin izan du ezer egin Pascualen gola saihesteko (0-1).
Golak konfiantza handiagoa eman dio Eibarri, eta Huescak ez zuen bere jokoa egiteko aukerarik talde armaginaren erasoaldien aurrean. Beste aukera bat izan du Eibarrek, 17. minutuan, Madariagaren jaurtiketa bikain batean.
30. minututik aurrera, Huescako Valentinek eskuin hegaletik egindako erasoek arriskua sortu dute Eibarren defentsan, intentsitatea jaitsi baitu, eta jokaldietako batean, hiru defentsa atzean utzi eta Vilarrasak erdiraketa egin ondoren, Sokok errematatu eta berdinketa jarri du markagailuan (1-1).
Atsedenaldiaren ostean, Huesca Eibar baino indartsuago zelairatu da, eta abagune argia izan du 47. minutuan. Huescak beste gol aukera argi bat izan du 64. minutuan, Javi Hernandezek baloia atetik kanpora jaurti duenean.
Minutuek aurrera egin ahala, Eibar desagertu egin da, eta Huescari alde jarri zaio norgehiagoka, Alvarezek Joaquini egindako penaltiarekin 78. minutuan. Sielvak ez du hutsik egin 11 metroko puntutik, eta buelta eman dio markagailuari (2-1).
Eibarrek ez zuen bizi zantzurik ematen, baina penalti bat izan du alde partidaren azken minutuan. Dani Jimenezek, baina, Corpasen jaurtiketa gelditu du norgehiagokako azken jokaldian.
Fitxa teknikoa:
2 - Huesca: Dani Jimenez; Valentin (Abad, 80. min), Loureiro, Blasco, Jorge Pulido, Vilarrasa; Sielva Kortajarena (Martin, 84. min), Javi Hernandez (Mier, 80. min); Soko (Joaquin, 69. min) eta Enrich (Unzueta, 68. min).
1 - Eibar: Magunagoitia; Corpas, Carrillo, Arambarri, Gutierrez; Alvarez, Nolascoain (Pereira, 73. min); Guruzeta (Bautista, 80. min), Madariaga (Slavi, 84. min), Puertas (Alkain, 73. min); Pascual.
Golak: 0-1, 9. min, Jorge Pascual; 1-1, 39. min, Soko; 2-1, 78. min, Sielva (penaltiz).
Epailea: Moreno Aragon.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 12:00 - 14:00 | HARRI-JASOTZAILEAK | Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa |
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa