Eibar
Hypermotion Liga
EITB Media
Armaginen golak Bautistak eta Corpasek sartu dituzte. Alcorconek bat gutxiagorekin jokatu du bigarren zatia. Garaipen honi esker, Eibarrek bigarren tokian jarraitzen du Hypermotion Ligako sailkapenean.
Cristian Gutierrez, baloiarekin, Eibar-Alcorcon partidan. Argazkia: @SDEibar
Eibarrek 2-0 irabazi dio Alcorconi gaur arratsaldean Ipuruan, eta, ondorioz, bigarren tokian jarraitzen du Hypermotion Ligako sailkapenean, 61 punturekin. Leganes liderra bi puntura dauka.
Alcorconek bat gutxiagorekin jokatu du bigarren zatia, baina, hala ere, armaginei asko kostatu zaie partida irabaztea. Bautistaren golarekin aurreratu dira markagailuan, eta lasaitasunaren gola Corpasek egin du 88. minutuan, penaltiz.
Lehendabiziko zatia gogorra eta parekatua izan da. Armaginek izan dute baloiaren jabetza eta aurkaria asko estutu dute, baina Alcorconek lan ona egin du defentsan, eta kontraerasoan arriskua sortzen saiatu da. Hala, norgehiagokaren hasieran gol aukera bat izan du.
Eibarren abagunerik garbiena Aketxek 15. minutuan egindako jaurtiketa izan da, baina baloiak langan jo du.
Atsedenaldira golik gabe berdinduta joango zirela ematen zuenean, ordea, Jon Bautistak buruz egin du 1-0ekoa, lehen zatiko azken jokaldian, Tejeroren erdiraketa baliatuta.
Aldagelatik bueltan, jarrera bera erakutsi dute bi taldeek: Eibarrena izan da baloia, eta Alcorcon atzean ondo kokatu da, bere aukeraren zain.
53. minutuan, epaileak kanporatu egin du Iago Lopez, Mario Sorianori egindako falta bategatik bigarren txartel horia aterata, eta madrildarrak jokalari bat gutxiagorekin gelditu dira zelaian.
Edonola ere, Joseba Etxeberriaren taldeak ez du ahalmenik izan zan erasoan arriskua eragiteko eta bigarren gola egiteko, eta horrek itxaropena eman dio aurkariari. Alcorconek aurrera egin du, eta arriskuarekin iritsi da Luca Zidanen ate ingurura.
Azkenean, heldu da armaginen lasaitasunaren gola. Jose Corpasek sartu du, penaltiz, 88. minutuan. Hortxe amaitu da partida.
Garaipen honi esker, Eibarrek Lehen Mailara zuzenean igotzeko postuan segitzen du, bigarren tokian. Valladolid da hirugarrena, eta Eibarrek beste puntu dauzka: 61.
FITXA TEKNIKOA
2- Eibar: Luca, Tejero (Sergio Alvarez, 73. min), Berrocal, Arbilla, Cristian, Nolaskoain, Matheus, Aketxe (Konrad, 67. min), Mario Soriano (Unai Vencedor, 83. min), Stoichkov (Corpas, 73. min) eta Bautista (Sergio Leon, 83. min).
0- Alcorcon: Jesus Ruiz, Iago Lopez, Castro, Rival, Morillas (Babin, 34. min), Victor (Marciano, 78. min), Javi Perez, Mosquera, Juanma (Addai, 62. min), Vico (Callis, 62. min) eta Chiqui (Dyego, 78. min).
Golak: 1-0, 45+2 min: Jon Bautista. 2-0, 89. min: Corpas, penalitz.
Epailea: Jose Luis Guzman. Iago Lopez kanporatu du, bi txartel hori erakutsita (45. minutuan eta 54.ean). Txartel horia atera die Victorri (41. min), Javi Perezi (65. min) eta Tejerori (71. min).
Gertakariak: 6.184 ikusle izan dira Ipuruan.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa