Eibar
DENBORALDI AMAIERARA ARTE
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Athleticeko jokalari ohia Gaizka Garitanok zuzentzen duen talde armaginean arituko da denboraldiaren amaierara arte.
Eibarrek ofizial egin du Fernando Llorente Athleticeko jokalari ohia fitxatu duela aurtengo denboraldiaren amaierara arte.
Asteazken goizean bi aldeen artean aurreakordio bat zegoela iragarri ondoren, arratsaldean, talde armaginak kontratuaren sinaduraren berri eman du, aurrelariak osasun-azterketak gainditu eta gero.
Gipuzkoako taldeak azaldu duenez, jokalaria libre iritsiko da Gaizka Garitanok zuzentzen duen taldera (une honetan ez zegoen inon jokatzen), eta joan zen astean larri lesionatu zen Franchu Feuillassier argentinarrak utzitako hutsunea beteko du. Argentinarrak ezker belauneko aurrealdeko lotailu gurutzatua hautsi zuen.
Horrenbestez, Llorenteren fitxaketak SmartBank Ligako sailkapenaren bigarren postuan dagoen taldearen erasoko lerroa indartuko du.
Iruñean jaiotako aurrelariak 36 urte ditu (1985) egun, eta bere kirol-ibilbide luzean Athletic, Juventus, Sevilla, Swansea, Tottehanm Hostpur, Napoles eta Udinese taldeetan aritu da. Espainiako selekzio absolutuarekin ere hainbat aldiz jardun du, eta, besteak beste, 2010ean, Hegoafrikan Munduko Txapelketa irabazi zuen taldean parte hartu zuen.
Llorente talde armaginak 2021-22 denboraldiari begira fitxatu duen hamabosgarren jokalaria da.
¿ ¡BOOOOOOM!
— SD Eibar (@SDEibar) October 27, 2021
¿¿ ¡@llorentefer19 YA ES ARMERO! #OngiEtorriFernando | #BetiArmaginak pic.twitter.com/lUMhIw54np
Llorente: "Onena emateko gogoz"
Jokalariak klubeko hedabide ofizialei adierazi dienez, "ilusio handiz" eta bere "onena emateko gogoz" dago. "Taldearen indarra taldea bera da. Taldekide bat gehiago izateko eta nire aletxoa ekartzeko asmoz nator. Nire sasoi onenean egotea espero dut, Eibarri laguntzeko".
Denboraldia hasi zenetik talderik gabe egon arren, Llorente bere kabuz aritu da entrenatzen sasoiari eusteko eta "taldera ahalik eta azkarren egokitzeko gogo handiarekin" dago.
"Badakit erraza izango dela eta ez zaidala gehiegi asko kostako, talde zoragarria dela esan didatelako. Denak ezagutzeko gogoa dut, eta lehenbailehen lanean hastekoa. Eibar txapelketa hasiera bikaina egiten ari da, nahiz eta lehendabiziko partidak nahi bezalakoak ez izan. Garaipen asko kateatu dituzte, eta egoera ezin hobean dago".
Hurrengo zuzenekoak
29 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Laso-Iztueta |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa