23:01

Eibar

11. JARDUNALDIA

Eibar sendo agertu da berriro Ipuruatik urruti, eta Villamarinen irabazi du (0-2)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Armaginek Betis gainditu dute Muto japoniarraren eta Esteban Burgos argentinarraren golekin.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eibarrek garaipen garbia erdietsi du Betisen etxean (0-2) 11. jardunaldia itxi duen neurketan. Armaginek, intentsitatea, bertikaltasuna eta eraginkortasuna baliatuta, goitik behera menderatu dute partida, eta, hartara, Muto japoniarrak eta Esteban Burgos argentinarrak bigarren zatiaren hasieran lortu dituzten golekin hiru puntuak eskuratu dituzte.

Jose Luis Mendilibarren taldeak Bryan Gilen sasoi bikaina izan du ardatz nagusi neurketaren aginteaz jabetzeko. Sevilla taldeko harrobian hazitako jokalariak gertu izan du gola lehen zatian; aitzitik, bere burukadak Joel Robles gainditu eta ate barruan bukatuko zuela zirudienean Inui taldekideak bidali du sareetara azken unean. Zoritxarrez gipuzkoarrentzat, japoniarra ez da jabetu jokoz kanpo zegoela, eta epaileak baliogabe egin du gola.

Betis ez da batere ondo moldatu jokoa sortzeko garaian, eta asko nabaritu du Canalesen hutsunea. Norgehiagoka osoan zehar aukera garbi bakarra sortzeko moduan izan da. Lehen zatiaren hastapeneko minutuetan izan da hori, Tello Dimitrovicen aurrean buruz buru geratu denean, baina atezain serbiarrak geldiketa ikusgarria egin dio Betiseko aurrelariari.

Gerora, bigarren zatiaren hasierarekin bat, Eibarren golak etorri dira bata bestearen atzetik, bost minuturen buruan. Lehendabizi, Muto japoniarrak bere estreinako gola egin du korner baten ostean; bigarrena, berriz, Burgosek barkatu ez duen penalti baten bitartez etorri da.

Ondoren, eibartarrek beste penalti bat izan du aldeko; bigarren aukera horretan, ordea, Joelek asmatu egin du Enrichen jaurtiketa nora joango zen. Manuel Pellegrini Betisen entrenatzaileak aldaketa ugari sartu ditu bigarren zatian, baina bere taldea ezinean aritu da.

Fitxa teknikoa:

0 - Betis: Joel Robles; Emerson (Montoya, 46. min), Bartra, Sidnei, Álex Moreno; Guardado (William Carvalho, 54. min), Guido Rodríguez; Joaquín, Fekir (Borja Iglesias, 69. min), Tello (Loren, 54. min); eta Sanabria (Lainez, 69. min).

2 - Eibar: Dimitrovic; Correa, Burgos, Bigas, Arbilla; Diop, Edu Expósito; Alejandro Pozo, Bryan Gil (Sergio Álvarez, 93. min), Inui; eta Muto (Enrich, 77. min).

Golak: 0-1, 49. min: Muto. 0-2, 54. min: Burgos, penaltiz.

Epailea: Juan Martínez Munuera. Txartel horiak: Emerson eta Guido Rodríguez (Betis); Bryan Gil (Eibar).

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    29 17:00 - 20:00 PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Laso-Iztueta

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena