Eibar
18. jardunaldia
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Armaginak nagusi agertu dira neurketan zehar, eta horren ondorioz iritsi dira Sergi Enrich, Kike Garcia eta Takashi Inuiren golak.
Eibarreko jokalariak Granadaren aurkako goletako bat ospatzen. Agazkia: EFE
Eibarrek bolada txarrari amaiera eman dio ostiral honetan, Granadari irabazita (3-0), Santander Ligako hemezortzigarren jardunaldia ireki duen partidan, Sergi Enrich, Kike Garcia eta Takashi Inuiren golei esker.
Jose Luis Mendilibarren taldeak sei jardunaldi zeramatzan garaipenik erdietsi gabe, eta neurketa bikaina gauzatu du: serio defentsan eta oso eraginkor aurkariaren arean.
Hala ere, partidako lehen aukera argia kanpoko taldeak izan du. Soldadok eskuinetik barnealdi azkarra egin du, baina haren erdiraketa ezin izan du sareetara bidali Carlos Fernandezek, baloia sakatu besterik egin behar ez zuenean.
Jarraian, Eibar bere arean sartzen hasi da Granada. Jokaldi horietako batean, Sergi Enrichen 1-0ekoa heldu da, taldeko jokaldi bikain baten ostean (20. min).
Golak indar gehiago eman dio Eibarri, eta bost minutu geroago bigarren gola sartu du. Oraingo horretan, Kike Garcia izan da golegilea. Falta jaurtiketa baten ondoren, baloia area barruan harrapatu eta bikain gurutzatu du Rui Silvarengandik urruti (25. min).
Bigarren golak kalte handia egin dio Granadari, eta atsedenaldira arte etxekoen mende ibili da. Bigarren zatiko erdialdera arte ez da suspertu Diego Martinezen taldea, baina orduan bi abagune oso garbi izan ditu: haatik, Machisek eta Alex Martinezek langaren eta zutoinaren aurka jo dituzte euren saiakerak.
Bestaldean, berriz, gipuzkoarren hirugarren gola lortu du Takashi Inuik, jaurtiketa ikusgarri baten bitartez. Arauzko denbora betetzeko hiru minutu bakarrik falta ziren eta guztia erabakita geratu da.
Fitxa teknikoa:
3-Eibar: Dmitrovic, Cote, Bigas, Paulo, Tejero, Inui, Exposito, Escalante (Diop, 84. min), Pedro Leon; Kike Garcia (Charles, 35. min) eta Sergi Enrich (Quique Gonzalez, 72. min).
0-Granada: Rui Siva, Victor Diaz, Martinez, Domingos Duarte, Carlos Neva (Machis, 55. min); Yan Eteki, Gonalons, Vadillo (Adrian Ramos, 55. min), Carlos Fernandez, Antonio Puertas (Alex Martinez, 76. min) eta Soldado.
Golak: 1-0, 20. min: Sergi Enrich; 2-0, 25. min: Kike Garcia; 3-0, 87. min: Inui.
Epailea: Gonzalez Fuertes. Txartel horiak: Enrich eta Escalante (Eibar); Gonalons, Duarte eta Eteki (Granada).
Hurrengo zuzenekoak
10 | 09:45 - 14:00 | ATLETISMOA | Behobia-Donostia |
10 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
10 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | 4 t'erdiko finalaurrekoak: Altuna III vs Laso |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa