Eibar
2-0
eitb.eus
Talde armaginak 2-0eko emaitzarekin galdu du Alcorazen jokatu duen partida. Enric Gallego eta Chimy Avila izan dira golegileak.
Huesca - Eibar partidako irudia. Argazkia: EFE
Eibarrek galdu egin du Huescaren aurka (2-0) Alcorazen jokatu duen partida, eta oraindik ez du matematikoki salbazioa lortu. Aragoiko taldeak, aldiz, mailari eusteko ametsari eusten dio, jaitsiera postuetan jarraitzen duen arren.
Lehen zatia oso kaskarra izan da bi taldeen aldetik, eta ia ez da abagunerik egon. Erdiraketen bitartez saiatu dira Huesca eta Eibar aurkariaren ate inguruan arriskua sortzen, baina ez dute aukera argirik sortu.
Lehia parekatua izan da, eta lehen abagune argia 32. minutuan izan du Huescak, Etxeitak langara bota duen errematearekin. Eibarrek ez du gol aukerarik sortu lehen 45 minutuetan, eta etxeko taldea berriro gola sartzetik gertu egon da, baina Enric Gallego ez da oso gutxigatik iritsi errematea egitera.
Talde armaginaren lehen zati kaskarra ez da izan Alcorazen Eibarrek jaso duen albiste txar bakarra, Mendilibarrek bi aldaketa egin behar izan baititu atsedenaldira iritsi baino lehen. Kike Garciak zelaia utzi behar izan du min hartuta, Mantovanik aurpegian ostikada bat eman ostean, eta Diopek ezin izan du jarraitu, lesionatu egin baita. Cardona zelairatu da Kike Garciaren ordez, eta Mari sartu da Diopen lekuan.
Bigarren zatiari hasiera oso txarra eman dio Eibarrek. Huescak erasokor ekin dio, eta Chimy Avilak izan du lehen gol aukera, 47. minutuan. Talde armagina ezinean ibili da, eta Huescak 1-0ekoa sartu du Enric Gallegoren bitartez, 54. minutuan. Cucho Hernandezek hegaletik eman du pasea, eta, Gallegok orpoz bidali du baloia sare barrura.
Gola hartu ostean, talde armaginak ez du erreakzionatu, eta etxeko taldeak nagusi izaten jarraitu du. Cucho Hernandezek aukera paregabea alferrik galdu du 57. minutuan, eta Chimy Avilak gol ikusgarria sartu du (2-0) minutu bat geroago. Ferreirok atera du kornerra, eta Avilak, boleaz, sare barrura bidali du baloia.
Eibar ezinean ibili da partida osoan zehar, eta azken txanpan soilik izan du aldea murrizteko abaguneren bat. 85. minutuan, Santamaria atezainak bikain gelditu du Cardonaren jaurtiketa, eta, bost minutu geroago, Santamariak Escalanteren jaurtiketa bat gelditu du.
Amaieran, Huescak eskuratu ditu hiru puntuak, eta Eibar esku-hutsik atera da Alcoraz estadiotik.
Fitxa teknikoa:
2 - Huesca: Santamaria; Miramon, Etxeita, Mantovani, Javi Galan; Yangel Herrera, Musto; "Cucho" Hernandez (Juanpi, 75. min), "Chimy" Avila (Melero, 86. min), Ferreiro; eta Enric Gallego.
0 - Eibar: Dmitrovic; De Blasis, Sergio Alvarez, Oliveira, Cucurella; Pedro Leon, Diop (Mari, 43. min), Escalante, Pere Milla (Sergi Enrich, 71. min); Charles eta Kike (Cardona, 40. min).
Golak: 1-0, 54. min, Enric Gallego; 2-0, 58. min, "Chimy" Avila.
Epailea: Medie Jimenez. Txartel horiak atera dizkie Enric Gallego, Yangel Herrera, "Chimy" Avila eta Mantovani Huescako jokalariei, baita Diop Eibarko futbolariari.
Hurrengo zuzenekoak
29 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Laso-Iztueta |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa