22:34

Eibar

29. JARDUNALDIA

Eibar esku-hutsik itzuli da Levanteren etxetik (2-1)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Armaginek partida berdintzea lortu dute bigarren zatian, baina minutu baten buruan etxekoek bigarren eta behin betiko gola erdietsi dute.

  • Eibarrek lehen zatian hartu du lehen gola. Argazkia: EFE

    Eibarrek lehen zatian hartu du lehen gola. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eibarrek ez du baliatu Europarako txartela ematen duten tokietara hurbiltzeko parada, 2-1 galdu baitu Levanteren aurka Ciutat Valentzia zelaian. Etxekoek, berriz, jaitsierako postuetatik aldentzea lortu dute.

Talde armaginak ondo ekin dio lehiari, hasieratik nagusitu baitzaio une horietan jokaldirik josteko gaitasun gutxi azaldu duen Levanteri. Kike Garcia nagusitasun hori gol bihurtzeko zorian egon da bigarren minutua bete orduko, baina gora joan zaio bere errematea.

Mendilibarren taldeak oso azkar berreskuratzen zuen baloia, goian egindako presio handiaren bidez, eta Oierren ate inguruan ibili da behin eta berriro.

Partidaren 21. minutuan, berriz, taldean egindako lehen jokaldia osatu du Levantek. Gola sartzekotan egon da, baina Pazzinik alperrik galdu du aukera garbia, bere errematea atearen erdira joan baita, Dimitrovic zegoen tokira, hain zuzen ere.

Nahiz eta abagune horretan asmatu ez, Levantek gora jo du eta bere joko asko hobetu da. Horren adierazle da lau minutu geroago (25. min) markagailura lehen gola igoarazi dutela. Moralesek eskuin hegaletik egindako erdiraketari bukaera ezin hobea eman dio Rogerrek oso era behartuan.

Gol horrek asko ireki du norgehiagoka, eta area batetik besterako joan-etorriak etengabekoak izan dira. Tarte horretan, armaginek izan dute aukerarik nabarmenena, atsedenaldira iristeko hamar minuturen faltan. Baina Jordan ez da fin ibili Cabacoren hutsa aprobetxatzeko garaian, eta ezin izan du Oierren irteera gainditu.

Atsedenalditik bueltan, Mendilibarren mutilak bere jokoa ezartzen saiatu dira, eta Jordanek aukera aparta izan du berriz ere, baina bere ahalegina langaren aurka egin du tupust.

Berdinketa eta Levanteren gola, aitaren batean

Bigarren zatiaren erdialdera Eibarrek are estuago hartu du Levante, eta korner batean berdinketa sartu du Charlesek. Haatik, talde armaginak ia ezin izan du gola ospatu, handik minutu batera Levantek bere bigarrena lortu duelako Boatengen bidez. Levanteko aurrelaria azti ibili da Arbillak Dimitrovici lagatako baloi txar bat aprobetxatzeko.

Eibarri aurrera jotzea beste aukerarik ez zaio geratu, arrisku gehiago hartuta. Horren aurrean, Levantek kontraerasoak egiten saiatu da partida erabat erabakita uzteko xedearekin.

Aitzitik, ez da gol gehiago izan, eta etxeko zaleek irailetik ikusten ez zuten garaipenaz gozatu ahal izan dute.

Fitxa teknikoa:

Levante 2: Oier, Coke, Cabaco, Rober Pier, Luna (Pedro Lopez, 54. min); Lerma, Campaña (Lukic, 45. min), Morales, Ivi; Pazzini (Boateng, 60. min) eta Roger.

Eibar 1: Dmitrovic, Cote (Junca, 72. min), Arbilla, Ramis, Capa: Jordan, Dani Garcia, Escalante (Charles, 59. min); Pedro León, Ivan Alejo (Inui, 59. min) eta Kike Garcia.

Golak: 1-0, 25. min: Roger. 1-1, 63. min: Charles. 2-1, 64. . min: Boateng.

Epailea: Iglesias Villanueva. Txartel horiak: Cabaco, Lukic, Lerma eta Roger (Levante); Dani Garcia, Arbilla eta Charles (Eibar).

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    27 18:00 - 20:00 IGERIKETA | Donostiako Gabonetako Saria
    28 22:10 - 00:30 PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Jaka-Imaz

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena