Eibar
Errege Kopa
Erredakzioa
Armaginak ez dira arriskurik sortzeko gai izan lehen zatian, baina bigarrenaren hastapenean aprobetxatu ez dituzten hainbat aukera garbi izan dituzte, eta azkenean galdu egin dute.
Charles Jonnyrekin baloi baten lehian. Argazkia: EFE
Eibar Errege Kopatik kanpo geratu da Errege Kopako final-hamaseirenetako kanporaketan Celtaren aurka berriro galdu ostean (1-0), baina, batez ere, bigarren zatiaren hastapenean izan dituen aukera paregabeak aprobetxatu eta gero.
Armaginak Celta baino gehiago izan dira lehen zatian ere. Baloiaren jabetza bereganatu du, batez ere hasierako minutuetan, baina ez da Celtaren atezaina ikaratzeko gai izan. Gatzik gabeko nagusitasuna izan da, erritmo geldokoa.
Celtaren lehen zatia ez da batere ona izan, erasoko jokorik gabe eta aparteko intentsitaterik izan ez duen presioa eginez aritu baita. Hartara, Unzue haserre egin agertu da jokalari batzuekin. Dena dela, Eibarrek ere ez du arrisku handirik eraman: Kike Garciak egindako bi jaurtiketa desbideratu besterik ez.
Alabaina, atsedenalditik bueltan, armaginek airean ibili dituzte galiziarrak, batik bat, lehendabiziko hamar minutuetan. Tarte horretan, Celtako atzelariek akatsak egin dituzte, baina Eibarko jokalariek ez dute jakin horiek aprobetxatzen.
Horren adibide da Fontasek egindako huts nabarmen baten ondorioz Charlesek izan duen aukera aparta. 46. minutua zen, eta brasildarrak ez du asmatu Sergio atezainaren aurrean. Ondoren, Bebe saiatu da jaurtiketa batekin (48. min), baina ez da finegi aritu. Eibarrek, baina, ekinean jarraitu du, eta Sergiok Beberen eta Charlesen saiakera argiak urrundu behar izan ditu.
Celtak ez zekien non zegoen ere. Bebek beste abagune bat alperrik galdu du, Celtako atezaina baloi bat hankarekin aldentzen ahalegindu eta Eibarko jokalariari franko geratu zaionean (54. min). Handik minutu bakarrera, Kike Garcia izan da buruz ahalegindu dena, baina hori ere, zorterik gabe.
Eibar kamuts azaldu da, beraz, Mendilibarren etsipenerako, azken unera arte aukera garbirik sortzeko ahalmenik izan ez duen Celtaren aurrean. Aitzitik, 90. minutuan, Iago Aspasek gola sartu du penaltiz, Dimitrovicek berari egindako falta gauzatuta.
Fitxa teknikoa:
Celta 1: Sergio; Hugo, Cabral, Fontás, Jonny; Radoja (Lobotka, 71. min), Pablo Hernández, Brais; Emre Mor (Wass, 89. min), Hjulsager, Guidetti (Aspas, 71. min)
Eibar 0: Dimitrovic; Capa (Arbilla, 75. min), Lombán, Gálvez, Cote; Ruben Peña, Jordán (Azkue, 68. min), Sarriegi, Bebé; Kike García (Enrich, 82. min), Charles
Golak: 1-0, Iago Aspas (90. min).
Epailea: Xavier Estrada Fernández. Txartel horiak: Jordán eta Gálvez (Eibar).
Hurrengo zuzenekoak
27 | 18:00 - 20:00 | IGERIKETA | Donostiako Gabonetako Saria |
28 | 22:10 - 00:30 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Jaka-Imaz |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa