Eibar
LALIGA
Erredakzioa
Armaginek 4-0 irabazi diote Andaluziako taldeari, eta Europa Liga jokatzeko postuetatik puntu bakarrera dago Ligako sailkapeneko zazpigarren postuan.
Eibarreko jokalariak Granadari sartutako lau goletako bat ospatzen. Argazkia: EFE
Eibarrek 4-0 irabazi dio Granadari Ipuruan, eta garaipen honekin 35 puntu dituzte jada armaginek. Ligako sailkapeneko zazpigarren postuan dago Eibar, Europa Ligako postuetan den Vila-real taldearen atzetik, puntu bakarrera.
Hasieratik izan da nagusi Jose Luis Mendilibarrek zuzentzen duen taldea, eta ez du abagune argirik sortu baina arriskua sortu du Ochoak defendatutako ate aurrean. Horrela, 10. minutuan, epaileak Eibarren aldeko penaltia adierazi du, eta Adrianek 1-0ekoa sartu du hamaika metroetatik. Gola sartu ostean, are gehiago kontrolatu du Eibarrek baloia, eta Granada ezinean ibili da. 18. minutuan, Adrianek langara bidali du errematea, eta 32. minutuan, Dani Garciak egin duen jaurtiketa indartsua oso gutxigatik joan da kanpora. Bigarren golaren bila joan dira, eta atsedenaldira iritsi aurretik lortu dute. 39. minutuan, Sergi Enrich area barruan sartu da, izkin egin dio Ochoa atezainari eta baloia sare barrura bultzatu du (2-0).
Bigarren zatian, Granada ez da erreakzionatzeko gai izan, eta Eibarrek jaun eta jabe izaten jarraitu du. Sergi Enrich gola sartzetik gertu egon da 50. minutuan, eta Ramisek 3-0ekoa egin du 53.ean, korner baten ondorioz. Hirugarren golaren ostean, Eibarrek ez du erritmoa jaitsi, eta Pedro Leonek abagune argia huts egin du 57an. Bost minutu geroago, Pedro Leonek berak 4-0ekoa sartu du. Arbillak jokaldi ona egin du hegaletik, Sergi Enrichek buruz ukitu eta murtziarrak sare barrura bidali du baloia. Granadak ezer gutxi egin du erasoan, eta partidan izan duen lehen abagune argia 64. minutuan etorri da; Yoel atezainak ondo desbideratu du Kravetsen jaurtiketa, eta Ramisek Wakasoren gola eragotzi du baloia atepetik aterata. 74. minutuan, Yoel atezainak eragotzi du Granadaren gola, Kravetsen aurrean gelditu ona eginda. Azken txanpan, Eibarrek erritmoa jaitsi duen arren, bosgarren gola sartzeko abaguneren bat izan du, baina Arbillaren jaurtiketa bikainari erantzun paregabea eman dio Ochoa atezainak. Yoelek ere distira egin du, azken minutuetan Ponceren erremateari erantzun ona emanda. Amaieran, Eibarren erakustaldia eta garaipena, 4-0eko emaitzarekin.
Fitxa teknikoa:
4 - Eibar: Yoel; Capa, Ramis (Mauro Dos Santos, 67. min), Lejeune, Arbilla; Escalante (Christian Rivera, 77. min), Dani Garcia; Pedro León, Adrian Gonzalez, Inui; eta Sergi Enrich (Ruben Peña, 80. min).
0 - Granada: Ochoa; Foulquier (Wakaso, 46. min), Lomban, Ingason, Gaston Silva, Isaac Cuenca; Uche, Andreas Pereira (Samper, 56. min); Aly Malle, Artem Kravets, eta Adrian Ramos (Ezequiel Ponce, 72. min).
Golak: 1-0, 10. min: Adrian Gonzalez, penaltiz. 2-0, 38. min: Sergi Enrich. 3-0, 51. min: Ivan Ramis. 4-0, 61. min: Pedro Leon.
Epailea: Antonio Miguel Mateu Lahoz.
Hurrengo zuzenekoak
27 | 18:00 - 20:00 | IGERIKETA | Donostiako Gabonetako Saria |
28 | 22:10 - 00:30 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Jaka-Imaz |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa