Eibar
Garaipena Ipuruan
Leire Etxazarra | eitb.eus
Mendilibarren taldeak sendo jarraitzen du Ligan eta madrildarrak baino gehiago izan da partida osoan. Neurketako gol bakarra Llorentek sartu du, bere atean.
Eibarreko jokalariak, Llorentek bere atean egindako gola ospatzen. Efe.
Eibarrek sendo jarraitzen du BBVA Ligan eta gipuzkoarrak Europan jokatzeko eskubidea ematen duten postuetan sartu dira jada. Mendilibarrenek partida ona jokatu dute Ipuruan, eta Rayori 1 eta 0 irabazi diote, gol gehiago sartzeko aukera izan duten arren.
Armaginen lehen abisua neurketako lehen minutua iritsi da. Borja Bastonek aukera izan du, baina Toño atezaina zuhur ibili eta bere areatik ateratzeko denbora izan du Eibarreko aurrelariaren errematea aldentzeko.
Lehen minutuetan partidak ez du jaberik izan, eta bi taldeek erasora jo dute, oztopo handirik gabe.
Madrildarrek izan duten aukerarik onena Bebek izan du 11. Minutuan. Riesgo, hala ere, bikain aritu da eta baloia ukitzeko aukera izan du, brasildarrak egindako erremate gurutzatua atean sartzea ekiditeko.
20. minutuan iritsi da Eibarren gola. Borja Bastonek baloia eskumako aldetik erdiratu eta Llorentek desbideratu egin du gola bere atean eginez.
Hortik aurrera iritsi dira armaginen minuturik onenak. 22.ean, Keko urrutitik saiatu da eta errematea kanpora joan zaio, gutxigatik, langa ukituta.
Atsedenaldiaren ostean, Rayok hartu du jokoaren kontrola. Berdinketa bilatu dute, baina zorte handirik gabe. Eibarrek ere ez dio erasoari uko egin, eta bigarren gola egiten saiatu dira, partida erabakita uzteko.
Bi penalti Rayoren arean
Armaginek aukera oso argia izan dute bigarren gola egiteko, 64. minutuan, baina Keko, Borja eta Saul ez dira baloia atean sartzeko gai izan.
Epaileak, gainera, ez ditu Eibarren alde izandako bi penalti adierazi, oso argiak biak: Borja Bastoni area barruan heldu diote baloia errematatzera joan denean, eta beste jokaldi batean, Rayoko jokalari batek eskuarekin aldendu du baloia.
Azken minutuetan, garaipena ziurtatuta zegoenean, Lillok debuta egin du aurtengo denboraldian, abuztuan izandako ebakuntzatik osatuta.
Fitxa teknikoa
1 - Eibar: Riesgo; Capa, Dos Santos, Pantic, David Juncà; Escalante, Dani García; Keko, Verdi (Sergi Enrich, 59.min), Saúl Berjón (Inui, 74.min); eta Borja Bastón (Lillo, 87.min).
0 - Rayo Vallecano: Toño; Tito (Manucho, 69.min), Zé Castro, Llorente, Rat; Trashorras, Raúl Baena; Bebé, Jozabed (Pablo Hernández, 53.min), Ebi Ebert (Lass, 64.min); eta Javi Guerra.
Gola: 1-0. 20.min Llorente (bere atean).
Hurrengo zuzenekoak
29 | 23:15 - 00:45 | ERREMONTEA | Binakako Txapelketako finala |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa