Eibar
Lehen itzuliko azken partida
Leire Etxazarra | eitb.eus
Armaginek Ligako golik azkarrena hartu dute: partida hasi eta 10 segundora. Berdinketa Arruabarrenak sartu du, bigarren zatian.
Albisteak (3)
Bideoak (1)
Eibarrek puntu garrantzitsua atera du Nuevo Arcangel futbol zelaitik, Kordobarekin bana eginda. Garitanok Ekiza jarri du Raul Albentosak utzitako hutsunea betetzeko, eta Javi Lara, Ander Capa zigortuaren ordez.
Partidako lehen jokaldiak neurketa osoa baldintzatu du. Eibarrek zelai erditik atera du baloia, baina andaluziarrek kendu egin diete, eta Florinek Irureta gainditu du. Armaginen atzelariek huts galanta egin dute. Aurtengo Ligako golik azkarrena egin du Kordobako errumaniarrak, zaleak eta jokalariak ezustean harrapatuta.
Gauzak horrela, Garitanori goitik behera aldatu zaio partidaren planteamendua 10. segundoan. Gol goiztiarra kolpea izan da eibartarrentzat. Ondorioz, armaginei kosta egin zaie partidan sartzea, makal eta motel aritu dira, azken partidetan ez bezala.
Eibartarrek oso arrisku gutxi sortu dute Juan Carlosen arearen inguruan. Minutuek aurrera egin ahala, baloiaren jabetza hartzen joan dira, baina errematerako aukera garbiak sortu gabe. Kordoba, aldiz, erraz eta sarri iritsi da Iruretaren areara. Fede Cartabiak, Bebek, Ghilasek eta Florinek osotutako laukoteak buruko min galanta eragin diete Eibarren atzelariei.
36. minutuan, eibartarrek penaltia eskatu dute, Piovaccari andaluziarren arean erori delako, baina Teixeira Vitienes epaileak ez du arauz kanpoko ezer ikusi, eta ez du ezertxo ere adierazi.
Atsedenaldiaren ostean, Garitanok Txema Añibarro zelairatu du Ekizaren ordez. Bizkaitarrak debuta egin du Ligan eta Lehen Mailan. Eibar hobeto aritu da erasoan, baina benetako arriskurik sortu gabe.
Txartel gorria Piovaccariri
Eta segundo gutxi batzuetan, bi taldeak 10 jokalarirekin geratu dira. 56. minutuan, epaileak Campadabal bota du, bigarren txartel horia aterata, eta handik gutxira, txartel gorria atera dio Piovaccariri. Jokaldi oso eztabaidagarria izan da italiarrarena, aurkari baten gainetik pasatu baita, baina irrist eginda.
Banakoa 72. minutuan iritsi da. Arruabarrenak egin du, Saul Berjonen erdiraketa buruz bikain errematatuta. Azken minutuetan, Kordobak estu eta larri jarri ditu armaginak, eta bigarren gola egiteko aukerak izan ditu, baina Garitanoren mutilen zorionerako, Djukicen jokalariek ez dute azken metroetan asmatu.
Azkenean, bana markagailuan. Eibarrek amaiera ona eman dio Ligako lehen itzulian egindako lan bikainari.
inari.Hurrengo zuzenekoak
27 | 18:00 - 20:00 | IGERIKETA | Donostiako Gabonetako Saria |
28 | 22:10 - 00:30 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Jaka-Imaz |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa