23:33

Athletic club

EA SPORTS LIGA

Athleticek luzapenera arte eutsi dio Real Madrili Santiago Bernabeun (1-0)

G. P. A. | EITB MEDIA

Ernesto Valverdek goitik behera aldatu du hamaikakoa. Hala ere, talde zuri-gorriak lan handia egin du defentsan, eta Real Madrilen oldarraldiak eusteko gai izan da, Valverdek 93. minutuan sekulako gola sartu duen arte.

  • Gorosabel eta Bellingham. Argazkia: EFE

    Gorosabel eta Bellingham. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Athleticek 1-0 galdu du Real Madrilen aurka Santiago Bernabeun. Ernesto Valverdek hamar aldaketa egin ditu hamaikakoan, Glasgow Rangersen aurkako partidarekin alderatuta, freskotasuna bilatu nahian, eta asteazkenean EA Sports Ligako beste jardunaldi bat jokatu beharko dutela kontuan hartuta. Gainera, Nico Williams etxean geratu da, min hartuta dagoelako.

Hala eta guztiz ere, talde zuri-gorriak lan ona egin du defentsan, eta Real Madrilen oldarraldiak gelditzeko gai izan da. Partida husna amaituko zela ematean zuenean, baina, Fede Valverdek sekulako gola sartu du 93. minutuan, eta Santiago Bernabeutik esku-hutsik bueltatuko dira.

Lehen zatian ez da aparteko ezer gertatu. Hamaikakoa goitik behera aldatu arren, Athleticek ondo eutsi dio Carlo Ancelottiren taldeari. Ordenatuta eta berezko duen indarrarekin defendatu du, eta ez du gehiegi sufritu. Hori bai, erasoan ez du ahalmenik izan gol aukerarik sortzeko.

Baloiaren jabetza Madrilgo taldearena izan da, baina ez du joko ikusgarririk egin, eta asko kostatu zaio Unai Simonen ate inguruan arriskua sortzea. Vinicius saiatu da gehien, azken metroetan asmatu ez badu ere. Horrenbestez, golik gabe amaitu da lehen zatia.

Atsedenaldiren ostean, Real Madrilek pauso bat eman du aurrera, eta Rodrygok eta Camavingak aukera bana izan dute gola egiteko, bigarren zatia hasi eta berehala. Hala ere, Paredes eta Unai Simon erne egon dira, hurrenez hurren, baloia urruntzeko.  

Athleticek, berriz, berean jarraitu du: atzealdean jokalariak ondo kokatuta, defentsan lan ona eginez eta kontraerasoan aukeraren bat izateko zain. Hala, Unai Gomezek izan du zuri-gorrien aukera garbiena, baina bere jaurtiketa bortitza Courtoisek gelditu du.

60. minutuan, Valverdek aurrealdea astindu du, erasoko jokoan hobetzeko asmoz, aldaketa hirukoitza eginda: Oihan Sancet, Maroan Sannadi eta Iñaki Williams jarri ditu zelaian, Berenguer, Djalo eta Guruzetaren ordez.

Partidako jokaldi polemikoa 80. minutuan gertatu da. Viniciusek gol ederra sartu du, jokaldi bikaina eginda. Alabaina, Martinez Munuerak baliorik gabe utzi du, jokaldia VAR-eko monitorean berrikusi ostean, Viniciusek baloia hartu aurretik, Endrick jokoz kanpo zegoela ebatzita.  

Edonola ere, neurketaren azken txanpan, Real Madrilen oldarraldia areagotu egin da, eta talde zuri-gorria bere area ingurutik atera ezin da egon da hainbat minutuz. Hain justu ere, partidaren luzapenean iritsi da Valverderen zaplaztekoa: sekulako gola sartu du baloia boleaz gogor astinduta. Unai Simonek ezin izan du ezer egin 1-0ekoa saihesteko.

Hortxe bukatu da norgehiagoka. Athleticek lan handia egin du defentsan, baina partidako azken minutuan egin dio ihes eskura zuen puntuak, eta, horrenbestez, ezin izan du Vila-realekiko duen aldea areagotu.

Real Madrilek, ostera, garaipen honekin Liga eskuratzeko lehian segituko du, Txapeldunen Ligatik kanporatuta geratu eta gero.

FITXA TEKNIKOA:

1- Real Madril: Courtois; Valverde, Asencio (Lucas Vazquez, 83. min), Rüdiger, Camavinga; Tchouameni, Ceballos (Endrick, 58. min), Modric (Güler, 78. min); Bellingham; Rodrygo (Brahim, 78. min) eta Vinícius.

2- Athletic Club: Unai Simon; Gorosabel, Paredes, Nuñez, Boiro (Vivian, 86. min); Vesga, Prados; Djalo (Iñaki Williams, 62. min), Unai Gomez (Lekue, 72. min), Berenguer (Sancet, 62. min); Guruzeta (Sannadi, 62. min).

Golak: 1-0, 93. min: Fede Valverde.

Epailea: Martínez Munuera. Txartel horia atera die Real Madrileko Asenciori eta Athleticeko Nuñezi eta Pradosi.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    29 13:40 - 18:00 TXIRRINDULARITZA | Italiako Giroa: 18. etapa

      Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

      Bisitatuena

      1
      kargatzen