21:40

Athletic club

Europa Liga

Athleticek bolada onari eutsi nahi dio Istanbulen, Fenerbahçe aurkari

EITB MEDIA

Bilboko taldeak, Europa Ligako liga faseko seigarren jardunaldian, asteazkenean, 16:30etik aurrera, Jose Mourinhok entrenatzen duen taldearen kontra jokatuko du. Turkiako taldeak, sailkapenean, Athleticek baino bost puntu gutxiago ditu.

  • Nico Williams, Elfsborgen aurkako partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

    Nico Williams, Elfsborgen aurkako partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Athleticek Fenerbahçeren aurka jokatuko du, asteazkenean, 16:30etik aurrera (Euskal Herriko ordua), Istanbuleko Sükrü Saraçoglu futbol zelaian, 2024-25 denboraldiko Europa Ligako liga faseko seigarren jardunaldian. Bilboko taldeak, beraz, Jose Mourinhok entrenatzen duen taldea izango du aurkari. Fenerbahçek, sailkapenean, zortzi puntu ditu, eta hamabosgarren postuan dabil; Ernesto Valverderen gizonek, ordea, hamahiru puntu dituzte, eta bigarren tokian dabiltza.

Istanbulen, Athleticen asmoa da jarraipena ematea azken asteotan izandako bolada onari; izan ere, joko ona eta emaitza bikainak izan dituzte zuri-gorriek, azken partidetan. Azaroaren 24tik, Bizkaiko taldeak Ligako lau partida irabazi ditu, Realaren, Rayo Vallecanoren, Real Madrilen eta Vila-realen aurka, eta, halaber, derbiaren eta Vallecaseko neurketaren artean, Europa Ligan, Elfosborg hartu zuen mendean; horrenbestez, Athleticek bost garaipen jarraian daramatza, denboraldian orain arte jokatu dituen bi txapelketak. Euskal taldearen erronka da sailkapeneko aurreneko zortzi postuetako bat erdiestea, zuzenean final zortzirenetara sailkatzeko.

Europa Ligan, hain zuzen ere, Athleticen ibilbidea oso ona ari da izaten. Liga faseko aurreneko jardunaldian, zuri-gorriek Erroman berdindu zuten, eta hurrengo lau partidetan garaipena eskuratu dute, talde hauek aurkari: AZ Alkmaar, Slavia Praga, Ludogorets eta Elfsborg.

Ander Herrerak giharretako lesioa du, eta bera da Ernesto Valverdek jokatzeko prest ez duen jokalari bakarra. Turkiako taldean, berriz, hainbat futbolari garrantzitsu dabiltza jokatu ezinik: Jayden Oosterwolde atzealdeko ezker hegalekoa denboraldi amaierara arte dago bajan, urrian lotailu gurutzatua hautsi baitzitzaion, eta Mert Hakan Yandas aurreko hilabetean lesionatu zen. Horietaz gain, Fred Rodrigues erdilari brasildarra zigortuta dago, txartelengatik, eta ezingo du Athleticen kontra jokatu.

Turkiako Ligan, Fenerbahçe bigarren dabil, eta Galatasaray liderra sei puntura du. Europa Ligan, bi garaipen erdietsi ditu: bata, lehenengo jardunaldian eskuratu zuen, etxean, Union Saint-Gilloiseren kontra (2-1), eta, bestea, duela aste batzuk, Slavia Pragaren zelaian (1-2). Gainera, Herbehereetan, Twenteren aurka, bana egin zuen, eta emaitza hori bera izan zuen etxean, Manchester United aurkari. AZ Alkmaarrek hartu zuen mendean, 3-1.

Fenerbahçe-Athletic: asteazkenean, 16:30ean

Balizko hamaikakoak

Fenerbahçe: Livakovic; Osayi-Samuel, Djiku, Çaglar, Mert Müldür; Ismail Yüksek, Amrabat, Tadic; Szymanski, Saint-Maximin, En-Nesyri.

Athletic: Unai Simon; Gorosabel, Yeray, Paredes, Adama; Galarreta, Jauregizar; Berenguer, Sancet, Nico Williams; Guruzeta.

Epailea: Irfan Peljto (Bosnia-Herzegovina).

Futbol zelaia: Sükrü Saraçoglu.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    25 12:00 - 14:00 HARRI-JASOTZAILEAK | Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa
    25 17:00 - 20:00 PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena