Athletic club
Indarkeria futbolean
Agentziak | EITB Media
Ohar batean, Athleticek adierazi du mehatxuak "onartezinak" direla, eta zehaztu du salaketa pertsona baten aurka jarri dutela, ez Herri Harmaila taldearen kontra. Gertakariak Real Madrilen aurkako partidaren ostean jazo ziren, San Mameseko irteeran.
Jon Uriarte Athleticeko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE
Jon Uriarte Athleticeko presidenteak salaketa jarri du Ertzaintzaren aurrean, "irainak eta mehatxuak" jasan dituelako. Klub zuri-gorriak ohar baten bidez jakinarazi duenez, gertakariak abenduaren 4an jazo ziren, Bilbon, Real Madrilen kontrako partida amaitu eta gero.
Berria komunikabideetan zabaldu dela ikusita, klubak oharra kaleratu du gaur arratsaldean, Uriartek irainak eta mehatxuak jasan dituela baieztatuta.
Bertan kontatu dutenez, Real Madrilen aurkako partida bukatu ostean, San Mamesetik ateratzerakoan, irainak jasan zituen Uriartek. Halaber, Athleticeko presidentea beldurrarazten saiatu ziren, "Herri Harmailarekin 'sartzeak' izango lituzkeen ondorioei buruzko ohartarazpen esplizitu baten bidez".
Gertakari horren ondotik, Athleticen zuzendaritza batzordeak bilera egin zuen, eta salaketa jartzeko eskatu zioten Uriarte presidenteari.
"Athletic Clubek modu demokratikoan aukeratzen ditu bere presidenteak bazkideen artean, eta mehatxuek ezerezean utzi ezin daitekeen marra gorria gainditzen dute. Izan ere, izenaz eta pertsonaz haratago, presidenteak Athletic Club ordezkatzen du, gure Estatutu Sozialetan jasota dagoen bezala, eta hortaz, bere karguagatik jasotzen dituen irainak erakundearen aurkakoak ere badira", dio oharrak.
Edonola ere, Athleticek argitu du mehatxuen ardura ez diola "inolaz ere" Herri Harmailari leporatzen, talde horren "gehiengoa, gainerako zale zuri-gorriena bezala, kiroltasun, bizikidetza, gizalege eta errespetuaren adibide argia" baita.
Horrez gain, "tolerantzia eta adierazpen askatasuna" Athletic ordezkatzen duten baloreak direla jaso dute oharrean. Klub zuri-gorriaren arabera, "eskubide guztiek betebehar batzuk dakartzate, eta indarkeriarik eta estortsiorik gabeko bizikidetza-eredu bat onartzea eskatzen dute". Ildo horretan, "errespetuan oinarrituta, edozein desadostasun zilegi da", erantsi du.
Amaitzeko, Athleticek, "beste behin ere, edozein indarkeria-motarekiko zero tolerantziaren konpromisoa" berretsi du, eta nabarmendu du agintariekin lanean jarraituko duela "izaera arrazista, xenofoboa, homofoboa, matxista edo intolerantea duen edozein ekintza desagerrarazteko".
Hurrengo zuzenekoak
25 | 12:00 - 14:00 | HARRI-JASOTZAILEAK | Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa |
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa