21:00

Athletic club

Europa Liga

Athleticek partida irauli egin du Ludogoretsen aurka, eta beste garaipen bat eskuratu du Europa Ligan (1-2)

EITB MEDIA

Iñaki Williamsek eta Nico Serranok egin dituzte Bilboko taldearen golak, 73. eta 74. minutuetan; aurretik, 20. minutuan, Erick Marcusek egin du 1-0ekoa Bulgariako taldea aurretik jartzeko. Horrenbestez, Athleticek 10 puntu ditu txapelketan, liga faseko 4 partida jokatuta.

  • Nico Serranok 1-2koa sartu du. Argazkia: EFE.

    Nico Serranok 1-2koa sartu du. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Athleticek 1-2 irabazi du Ludogoretsen aurka, 2024-25 denboraldiko Europa Ligako liga faseko laugarren jardunaldian, Huvepharma Arenan, Razgraden, ostegunean. Iñaki Williamsek eta Nico Serranok egin dituzte Bilboko taldeari garaipena eman dioten golak, 73. eta 74. minutuetan; aurretik, 20. minutuan, Erick Marcusek Ludogoretsen gola egin du, 1-0ekoa jartzeko markagailuan. Horrenbestez, Athleticek txapelketa horretako sailkapeneko lehen postuetan jarraitzen du; zuri-gorriek 10 puntu dituzte, 4 partida jokatuta.

Andoni Gorosabel irten da hasierako hamaikakoan, atzealdeko eskuin hegalean, De Marcosen ordez, eta horixe izan da Athleticen nobedaderik handiena. Zuri-gorriek gertu izan dute gola 12. eta 19. minutuetan, baina Iñaki Williamsek ez du errematean asmatu. Ludogoretsek, aldiz, izan duen lehenengo gol aukera baliatu du; korner batean, aldaratze bat jasota, Erick Marcusek jaurtiketa bikaina egin du, ezkerrez, eta Agirrezabalak ezin izan du ezer egin. Etxeko taldeak 1-0ekoa jarri du horrela markagailuan.

Atsedenaldira bitartean, Athletic aurkariaren arearaino iristen saiatu da, eta arriskua sortu du jokaldi batzuetan, baina ezin izan du markagailua parekatu. Ludogoretsek, aurreneko zatiko luzapenean, kontraeraso argia izan du, baina Marcusek kanpora jaurti du. Hala, Bulgariako taldea aurretik heldu da atsedenaldira, eta Athletic ez zebilen eroso berdegunean.

Bigarren zatia ez da ondo hasi Athleticentzat; izan ere, zuri-gorriek ez dituzte zelai erdia eta jokoa kontrolatu. Ernesto Valverdek Oscar de Marcos, Mikel Vesga eta Nico Serrano zelairatu ditu aldi berean, Bilboko taldea aurrera bultzatze aldera. Yuri Berchichek bi aldiz jaurti du ezkerrez, areaz kanpotik; Ludogoretsek, baina, kontraerasoan, arriskua sortzen jarraitu du.

73. minutuan, De Marcosek erdiraketa ona egin du areara, Iñaki Williamsek baloia hartu, kontrolatu, eta gol ederra egin du. Ia jarraian, Unai Gomez ederto sartu da erditik, eskuinera ireki du, eta Nico Serranok, ezkerrez, 1-2koa egin du. Euskal taldeak markagailua irauli du bi minutuan.

Neurketako azken txanpan, Berenguer, falta batean, eta Herrera, ezkerrez egindako jaurtiketa bikain baten bidez, 1-3koa sartzear izan dira. Athleticek ez du estutasun handirik izan garaipena bermatzeko; hortaz, Ernesto Valverderen taldeak balio handiko 3 puntu erdietsi ditu, ia ziurtaturik baitu Europa Ligan jarraitzea.

Fitxa teknikoa

1 - Ludogorets: Padt; Witry (Grobber, 84. min), Verdon, Almeida, Son; Erick Marcus (Gusev, 74. min), Yordanov (Chochev, 84. min), Duarte, Rick; Rwan Cruz eta Duah.

2 - Athletic: Agirrezabala; Gorosabel (De Marcos, 56. min), Vivian, Paredes, Yuri; Galarreta (Unai Gomez, 68. min), Prados (Vesga, 56. min); Iñaki Williams, Berenguer, Nico Williams (Herrera, 84. min); Djalo (Nico Serrano, 56. min).

Golak: 1-0, 20. min: Erick Marcus. 1-1, 73. min: Iñaki Williams. 1-2, 73. min: Nico Serrano.

Epailea: Anastasios Papapetrou (Grezia). Ludogoretseko Rick eta Rwan Cruz eta Athleticeko Yuri, Vivian, Vesga eta Serrano zigortu ditu, txartel horia aterata.

Gertakizunak: 10.000 bat zale izan dira Huvepharma Arenan, Athleticeko 500 bat zale tartean.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    25 12:00 - 14:00 HARRI-JASOTZAILEAK | Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa
    25 17:00 - 20:00 PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena