Athletic club
Europa Liga
Agentziak | EITB MEDIA
"Hau ez da gure estiloa" izenburupean, ohar ofizial batean, erakunde zuri-gorriak zero tolerantzia erakutsi nahi izan du Erromako Olinpikoan gertaturikoaren aurrean.
Athleticeko jokalariak zaleekin batera Erroman sartutako gola ospatzen Argazkia: EFE
Albisteak (1)
Athletic Clubek gaitzetsi egin du Italiako hiriburuko Estadio Olinpikoan bere zale batzuek egindako bengala-jaurtiketak, Bilboko taldea Erromarekin neurtu duen Europa Ligako partidan.
"Hau ez da gure estiloa" izenburupean zabaldutako ohar ofizialean, erakunde zuri-gorriak zero tolerantzia erakutsi du Erromako Olinpikoan gertaturikoaren aurrean.
Hori dela eta, Athleticek "bere gaitzespen irmoa adierazi nahi du AS Romaren aurkako Europa Leagueko partidara joan ziren eta harmaila bisitarian kokatuta zeuden gutxiengo batek egindako ekintza onartezinen aurrean".
"Neurketan zehar, talde txiki horrek bengalak piztu zituen eta horietakoren bat etxeko harmailetara bota zuen, segurtasun-arauak urratuz eta gure zalegoa agerian utziz. Gure zaleak ezagunak dira bere jarrera eredugarriagatik eta edozein egoeratan taldeari baldintzarik gabe laguntzeagatik".
Jon Uriarte buru duen erakundearen arabera, "jokabide horiek ez dituzte Athletic Cluben balio historikoak adierazten, hala nola errespetua, kiroltasuna eta bizikidetza".
Horren harira, honakoa erantsi du: "Klubak beti lan egiten du kirol-ekitaldietan giro positiboa sustatzeko, bai San Mamesen, bai kanpoan, eta beti borrokatuko du bertaratuen segurtasuna arriskuan jar dezakeen jarrerarik ez egoteko, ez eta gure zalegoaren izen ona mantentzeko". Eta bere egin ditu Valverdek partidaren amaieran egindako adierazpenak: "Guztiontzat futbola festa bat da, eta hau ez da futbola, ez zaigu gustatzen".
Athleticek jakinarazi duenez, "agintari eskudunekin elkarlanean, beharrezko neurriak hartzen ari da erantzuleak identifikatzeko eta dagozkien zigorrak aplikatzen direla bermatzeko".
Klubak jokabide horiek desagerrarazteko lan egingo du, onartezinak baitira. Gutxiengo horrek ez du gure zalegoa ordezkatzen. Oscar de Marcos kapitainak, Iñaki Williamsekin batera, norgehiagokaren amaieran zaleen gutxiengo horri jakinarazi diote bere jarrera onartezina dela", gaineratu dute adierazpen ofizialean.
Bestalde, Athleticek "eskerrak eman dizkie jarraitzaile gehienei Erroman izan duten portaeragatik, klubarekiko eta bakarrak egiten gaituzten balioekiko konpromisoa erakusten jarraitzen baitute, eta berriz ere erakutsi dute 3.000 pertsona joan direla Italiako hiriburura inolako gorabeherarik gabe, gure koloreez eta nortasunaz harro".
Azkenik, Athleticek barkamena eskatu die pertsona horien jarrerak kalte egin dien Erromako zaleei.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa