Athletic club
Europa League 2024-2025
EITB Media
Zuri-gorriek Erromari egingo diote bisita irailaren 26an, 21:00etan. Klubak sei denboraldi eman ditu Europan jokatu gabe eta ahalik urrunen heltzea du jomuga.
Athleticeko jokalariak Erromara abiatu bezperako entrenamenduan, Lezaman. Argazkia: EFE
Albisteak (2)
Bideoak (1)
Athleticek Erroman ekingo dio 2024-2025 Europa Ligako ibilbideari. Zuri-gorriek sei denboraldi eman dituzte Europan jokatu gabe, eta txapelketako finala San Mamesen jokatuko denez, aurtengoa gorriz markatuta du taldeak. Italiako eta Euskal Herriko taldeen arteko norgehiagoka urriaren 26an jokatuko da, ostegunean, 21:00etan, Erromako Olinpikoan.
EA Sports Ligan azken hiru partidak irabazita iritsiko da Bilboko taldea Erromaren aurkako neurketara. Bolada onari jarraipena ematea du helburu Athleticek. Unai Simon eta Yeray Alvarez min hartuta daude, eta baja dira. Gainera, Oihan Sancet azken orduko baja da, lesionatuta baitago; erdilariak gainkarga du ezker hankako muskulatura iskiosuralean. Julen Agirrezabalak min hartu zuen Celtaren aurkako lehian, irailaren 22an, eta deialdian sartu den arren, haren parte hartzea zalantza da. Agirrezabalak jokatu ezin badu, Alex Padilla izango da atepean. Horrez gain, Ernesto Valverde entrenatzaileak Oier Gastesi sartu du deialdian, badaezpada. Yurik ez zuen Celtaren aurka jokatu, baina prest egongo da Erromako hitzordurako. Nico Williamsek ere ez zuen parte hartu Galiaziako taldearen kontrako partidan; hala ere, posible da erasoko hegalekoak minutuak izatea, baita hasieratik jokatzea ere.
Bestalde, Erromari dagokionez, esan behar da Italiako taldeak denboraldi hasiera nahasia izan duela. Serie A txapelketan, Italiako ligan, lehen lau jardunaldietan hiru partida berdindu eta bat galdu zituen Erromak; horrek, Danielle De Rossi entrenatzailearen kargugabetzea eragin zuen duela astebete. Ivan Juricek ordezkatu du De Rossi teknikari karguan, eta entrenatzaile kroaziarraren zuzendaritzapean Erromak ordura arte liderra zen Udinese menderatu zuen 3-0eko emaitzarekin, igandean, urriaren 22an.
Erromak jokalari oso onak ditu. Paulo Dybala da taldeko izarra, aurrealdean Dobyk Gironako jokalari ohiak jokatzen du, zelai erdian Bryan Cristante, Lorenzo Pellegrini edota Leandro Paredes kalitate handiko futbolariak dauzka eta defentsako lerroan ere jokalari oso onak ditu: Angeliño, Ndicka, Mancini, Mario Hermoso eta Mats Hummels, esaterako.
Beraz, maila handiko aurkaria izango du Athleticek Europa Ligari ekiteko, baina zuri-gorriak emaitza ona lortu nahi dute Italiako hiriburuan.
Europa Ligaren formatu berria
Europa Liga berria 36 taldek osatzen dute. Guztiek zortzi partida jokatuko dituzte (lau etxean eta lau kanpoan), eta zortzi jardunaldiak jokatutakoan, sailkapeneko lehen zortziak zuzenean sailkatuko dira final-zortzirenetara. Horrez gain, 9. eta 24. postuen artean geratzen direnak elkarren aurka lehiatuko dira (9.a vs 24.a, 10.a vs 23.a, eta horrela hurrenez hurren) play-offean, eta joaneko eta itzuliko norgehiagokak jokatu beharko dituzte. Play-offeko irabazleak final-zortzirenetara sailkatuko dira eta hortik finalerdietara arte, biak barne, kanporaketek joaneko eta itzuliko lehiak izango dituzte. Azkenik, sailkapeneko 25. eta 36. postuen artean geratzen direnak txapelketatik at geratuko dira.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa