Athletic club
Erregina Kopa
EITB MEDIA
Bizkaiko taldeak, Erregina Kopako finalerdietako joaneko partidan izandako 0-3koaren ostean, gol bat jaso du lehen zatian, baina Pinedok, 62. minutuan, banakoa sartu du; gerora, Bartzelonak 2-1koa lortu du. Beraz, Kataluniako taldea izango da Realaren aurkaria finalean.
Naia Landaluze eta Lucy Bronze, jokaldi batean. Argazkia: EFE.
Albisteak (1)
Athletic 2023-24 denboraldiko Erregina Kopatik kanpo gelditu da, ostegunean, Bartzelonaren aurka Johan Cruyff estadioan 2-1 galduta, txapelketako finalerdietako itzuliko partidan; emaitza horrek, San Mamesen jokatutako joaneko partidako 0-3koarekin batera, finalerako sailkatzea eman dio Bartzelonari, eta, hortaz, Kataluniako taldea izango da Realaren aurkaria Kopako finalean, maiatzaren 18an. Clara Pinedok sartu du Athleticen gola, 62. minutuan, eta Bartzelonaren aldetik Mariona Caldentey (19. minutuan) eta Patri Guijarro (71.ean) izan dira golegileak; azken horrek 2-1ekoa egin du.
Athleticek lan ona egin du lehenengo zatian. David Aznarren taldearen hasierako asmoa izan da aurkariaren areara eta atera iristea, eta Azkonak, burukada batean, aukera ona izan du. 19. minutuan, Bilboko taldeak baloia ateratzean asmatu ez duen jokaldi batean, Mariona Caldentey bakarka gelditu da Quiñonesen aurrean; hondarribiarrak lehenengo jaurtiketa gelditu du, baina bigarrenean Caldenteyk 1-0ekoa egin du. Ez da beste golik izan lehen 45 minutuetan, Bizkaiko taldea sendo ibili baita atzealdean eta Mariasun Quiñones oso ondo aritu delako; Aznarrek Quiñones kokatu du atepean, Johan Cruyff Estadioan, Adriana Nanclaresen ordez.
Bigarren zatian, euskal taldeak presioari eutsi dio, eta maizago agertu da Bartzelonaren zelaian. Joko on horren ondorioz, berdinketa iritsi da. 62. minutuan, Facilak ondo sakondu du ezkerretan, eta erdiratu du, Sanadri trebe mugitu da, eta pase ederra eman dio Clara Pinedori; bilbotarrak, jaurtiketa bikaina eginda, banakoa sartu du.
Gertu-gertu izan du Athleticek 1-2koa, korner batean, baina Maddi Torreren burukada langara joan da zuzenean; ia jarraian, 71.ean, Patri Guijarrok Bartzelonaren bigarrena lortu du, area barrutik egindako erremate indartsu baten bidez.
Azken minutuetan, Athleticek ez du amore eman, eta jarraitu du sendo atzealdean, kanporaketako amaierara arte. Zuri-gorriak, 2022-23 denboraldian ere gertatu zitzaienez, finalaurrekoan gelditu dira Kopatik at; datorren denboraldian berriro ere ahaleginduko dira final horretara heltzen.
Fitxa teknikoa
2 - Bartzelona: Sandra Paños; Lucy Bronze (Fridolina Rolfö, 66. min), Marta Torrejon, Engen, Ona Batlle; Aitana Bonmati, Patri Guijarro, Claudia Pina (Alexia Putellas, 66. min); Bruna Vilamala (Giulia Dragoni, 66. min), Salma Paralluelo (Esmee Brugts, 79. min), Mariona Caldentey (Vicky Lopez, 79. min).
1 – Athletic: Quiñones; Naia Landaluze (Maite Zubieta, 83. min), Maddi Torre, Bibiane Schulze; Ane Elexpuru, Mariana Cerro, Itxaso Uriarte (Irene Oguiza, 55. min), Clara Pinedo, Nerea Nevado (Garazi Facila, 55. min); Ane Azkona (Marta Sanadri, 55. min), Patricia Zugasti (Jone Amezaga, 78. min).
Golak: 1-0: Mariona Caldentey (19. min); 1-1: Clara Pinedo (62. min); 2-1: Patri Guijarro (71. min).
Epailea: Zulema Gonzalez Gonzalez. Bartzelonako Esmee Brugts eta Athleticeko Itxaso Uriarte zigortu ditu, txartel horia ateraz.
Gertakizunak: Erregina Kopako finalerdietako itzuliko patida, Johan Cruyff Estadioan. 5.225 zale izan dira.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa