21:09

Athletic club

Erregina Kopa

Athleticek 0-3 galdu du, San Mamesen, Bartzelonaren aurka, Erregina Kopako finalerdietako joanekoan

EITB MEDIA

Kataluniako taldeak emaitza bikaina erdietsi du Bilbon, kanporaketako aurreneko neurketan. Aitana Bonmatik bi gol egin ditu, eta Salma Paralluelok sartu du hirugarrena. Athleticek ahalegin handia egin du, San Mamesen izan diren 23.490 zaleek bultzatuta.

  • Nerea Nevado eta Marta Torrejon, lehian, partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

    Nerea Nevado eta Marta Torrejon, lehian, partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Athleticek 0-3 galdu du Bartzelonaren aurka 2023-24 denboraldiko Erregina Kopako finalerdietako joaneko partidan, San Mamesen, ostegun arratsaldean. Aitana Bonmatik bi gol egin ditu, 14. eta 17. minutuetan, eta Salma Paralluelok sartu du hirugarrena, 78.ean, eta, horrenbestez, Kataluniako taldeak emaitza bikaina erdietsi du, itzuliko norgehiagokari begira. Athleticek ahalegin handia egin du, San Mamesen izan diren 23.490 zaleek bultzatuta.

Aitana Bonmati, 2023ko Urrezko Baloia eta The Best Sariaren irabazlea bera, bikain aritu da lehen zatian. Erdilari katalanak, 14. eta 17. minutuetan bi gol eder sartu ditu, jaurtiketa oso onak eginda. Bartzelonak kontrolatu du jokoa, baina Athleticek ere egin du lan ona; David Aznarren jokalariek diziplina handia izan dute atzealdean, eta zaleen bultzada eta babesa izan dituzte, gainera; harmailetan, jendeak ez du amore eman, eta berdegunean futbolariek ere ez.

Bigarren zatian, Athleticek atzealdean izandako sendotasunari eutsi dio, eta saiatu da, horrez gain, aurrerapausoa ematen, Bartzelonaren zelaian maizago jokatzea helburu. Jonatan Giraldezen taldeak baloiaren jabetza izan du, baina, hori bai, ez du gol aukera askorik sortu. 78. minutuan, zuri-gorriek baloiarekin asmatu ez duten jokaldi baten ondorioz, Bartzelonak lapurtu du, eta Salma Paralluelok markagailua itxi.

David Aznarren taldeak, horrenbestez, jakin badaki finalera iristeko erronka guztiz zaila dela; baina itzuliko partidan, hurrengo ostegunean, ez du amore emango. Kopa polita burutu dute zuri-gorriek, eta ibilbide horrek ahalegin hori merezi du.

Fitxa teknikoa

0 - Athletic: Nanclares; Elexpuru, Landaluze, Maddi, Bibi Schulze, Nerea Nevado; Maite Zubieta, Sara Ortega (Oguiza, 77. min), Mariana (Pinedo, 65. min); Azkona (Zugasti, 85. min) eta Nahikari (Jone Amezaga, 77. min).

3 - Bartzelona: Sandra Paños; Marta Torrejón, Paredes, Engen (Bronze, 68. min), Ona Batlle (Rolfo, 77. min); Aitana Bonmati, Patri Guijarro, Claudia Pina (Vicky, 68. min); Graham (Bruna, 77. min), Mariona Caldentey (Paralluelo, 68. min) eta Walsh.

Golak: 0-1, 14. min: Aitana Bonmati. 0-2, 17. min: Aitana Bonmati. 0-3, 78. min: Salma Paralluelo.

Epailea: Elisabeth Calvo Valentin (Madrilgo Batzordea). Athleticeko Zubieta eta Bartzelonako Graham Hansen zigortu ditu, txartel horia ateraz.

Gertakizunak: Erregina Kopako finalerdietako joaneko partida, San Mamesen. 23.490 zale izan dira bertan.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    25 Zuzenean 17:00 - 20:00 PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena