Athletic club
EA Sports Liga
EITB MEDIA
Aurrelari bilbotarrak, 67. minutuan, Tsygankovek 55. minutuan sartutako gola berdindu du. Ernesto Valverderen taldeak partida ona jokatu du, eta EA Sports Ligan erakusten ari den maila ederrari eutsi dio; 25 puntu dituela, Athletic bosgarren postuan dabil, Realarekin batera.
Iñaki Williamsek sartu du Athleticen gola Montilivin. Argazkia: EFE.
Albisteak (4)
Athleticek berdindu egin du Gironaren aurka, 1-1, Montilivin, astelehen gauean, 2023-24 denboraldiko EA Sports Ligako hamalaugarren jardunaldian. Iñaki Williamsek egin du, 67. minutuan, jokaldi polit batean, Bilboko taldearen gola, eta Viktor Tsygankovek sartu du, 55.ean, Girona markagailuan aurretik jarri duena. Ernesto Valverderen gizonek partida ona jokatu dute, eta txapelketan erakusten ari diren maila ederrari eutsi diote; hain zuzen, 25 puntu dituela, Athletic sailkapeneko bosgarren postuan dabil, Realarekin batera.
Girona-Athletic partidako laburpena (1-1)
Athletic ondo aritu da, eta balio eta meritu handiko puntua eskuratu du. Gogoratzeko modukoa da Girona, partida hasi baino lehen, bigarren postuan zegoela sailkatuta, eta lidergoa berreskuratzeko aukera zuela, gainera. Michelen taldea bikain ibili da txapelketako aurreneko herenean. Testuinguru horretan, Bizkaiko taldeak erantzun egokia eman dio aurrean zuen erronkari, eta indarturik irten da Montilivitik, joko ona eginda eta berdinketako saria aldean.
Athletic, aurreneko zatian, sendo aritu da baloia berreskuratu nahirik, eta azkar saiatu da jokatzen, hori egiteko aukera izan duen guztietan. Bilboko taldea ondo ibili da lehen 45 minutuetan, EA Sports Ligako liderraren zelaian. Ernesto Valverdek, hasieratik, aurreko partidetan ere zelairatu duen hamaikakoa aukeratu du, eta berak zuzendutako futbolariek segituan erakutsi dute zer nahi zuten: bosgarren minutuan, Mikel Vesgak pase sakon bikaina sartu dio Gorka Gurutzetari, eta donostiarra Gazzanigaren aurrean gelditu da, baina ez du ondo erramatatu, eta atezain argentinarrak harrapatu egin du baloia.
Gironak bereziki ezkerretik jo du, Savioren bitartez; izan ere, brasildarrak, trebe eta arriskutsu, Katalunaiko taldearen jokaldirik onenak egin ditu; esaterako, 18. minutuan, Stuanik buruz errematatu duenean, Unai Simonek kornerrera desbideratu behar izan duenean. Baina Athletic gehiagotan iritsi da Paulo Gazzanigaren atera. Ohian Sancetek, Guruzetak beste behin eta Vesgak, 21., 24. Eta 31. minutuetan, gertu izan dute 0-1ekoa, area ertzetik egindako jaurtiketetan. Oscar de Marcosek izan du gol aukerarik onena, baina, Guruzetak hasieran izandakoa kenduta; Athleticeko kapitainak, area barruan, Iñaki Williamsek borrokatu duen baloia baliatu du, eta, ate aurrean, kanpora jaurti du.
Markagailua, hala, ez da aldatu atsedenaldira iritsi aurretik. Bazirudien Athleticek gutxienez puntu bat lortzeko aukera izango zuela, kontuan izanik Vesga eta Iñigo Ruiz de Galarreta ondo zebiltzala zelai erdian, eta Nico Williams ere, eskuinaldetik, partida ona ari zela egiten.
Bigarren zatian, Gironak berehala sartu du, 10. minutuan, 1-0ekoa. Miguel eta Savio ondo sartu dira ezkerretik, azken horrek erdiratu du, eta, azkenean, Tsygankovek baliatu du erdiraketa hori, baloia sareetara bidaltzeko. Ematen zuen Athleticek kontrolpean zuela neurketa, baina erdilari ukrainarrak aurretik jarri du etxeko taldea.
Ernesto Valverderen jokalariek, baina, denbora laburra behar izan dute berdinketa egiteko. 67. minutuan, alegia, bigarren zatiko 22.ean, kontraeraso ederra burututa, Iñaki Williamsek erdietsi du. Sancet nabarmendu da jokaldi horretan, baloia bikain eraman baitu gora eta pase ezin hobea sartu baitio hegalekoari; Williamsek, indarrez beterik, ezkerrez jaurti eta gol polita sinatu du.
Amaierara arte, bi taldeak ahalegindu dira bigarren gola sartzen, eta jokaldi arriskutsuak izan dira, baina ez da markagailuan beste aldaketarik izan. Athleticek, horrenbestez, merezita bereganatu du puntua, eta berretsi du ondo dabilela EA Sports Ligan.
Fitxa teknikoa
1 - Girona: Gazzaniga; Arnau (Yan Couto, 69. min), Eric, Blind, Miguel; Herrera (Ibrahima Kebe, 85. min), Aleix Garcia; Tsygankov (Valery, 85. min), Ivan Martin (Pablo Torre, 77. min), Savio; eta Stuani (Portu, 69. min).
1 - Athletic: Unai Simon; De Marcos, Vivian, Paredes, Iñigo Lekue; Galarreta (Ander Herrera, 81. min), Vesga; Iñaki Williams (Adu Ares, 90. min), Oihan Sancet (Unai Gomez, 90. min), Nico Williams (Berenguer, 81. min); Guruzeta (Raul Garcia, 74. min).
Golak: 1-0, 55. min: Tsygankov. 1-1, 67. min: Iñaki Williams.
Epailea: Melero Lopez (Andaluziako Batzordea). Blind eta Guruzeta zigortu ditu, txartel hori bana atetara.
Gertakizunak: EA Sports Ligako hamalaugarren jardunaldiko partida. Montilivi futbol zelaian jokatu dute, eta 13.123 zale izan dira bertan.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa