Athletic club
AINTZATESPENA
EITB MEDIA
Lenovo Teneriferen entrenatzailea, bilbotarra bera, ACBn partidarik gehien zuzendu dituen bosgarren entrenatzailea da. “Bizkaiko saskibaloiaren erreferente nagusia eta Athleticen bozgorailu bikaina” izateagatik hautatu du Athleticek.
Txus Vidorreta, partida batean, txaloka. Argazkia: EFE.
Txus Vidorreta saskibaloi entrenatzaile bilbotarra, ACBko historian partidarik gehien zuzendu dituen bosgarren entrenatzailea, egun Lenovo Teneriferen entrenatzailea eta Athleticeko jarraitzailea bera, Athleticen abuztuko enbaxadorea da, klubaren 125. urteurrenean, ostiralean Bilboko klubak iragarri duenez.
Indautxuko entrenatzaileak 57 urte ditu, eta "Bizkaiko saskibaloiaren erreferente nagusia eta Athleticen bozgorailu bikaina" izateagatik hautatu du Athleticek: "Ez du aukerarik galtzen gure filosofia harrotasunez aipatzeko; Sonia bere emaztea eta bere hiru seme-alabekin batera Bilbotik kanpo eta ahal duten guztietan San Mamesera joaten dira elkarrekin", nabarmendu du klubak.
Ildo horretan, Athleticek gogora ekarri du Vidorretak azken Kopako finalaren atarikoan esandakoa; izan ere, Lenovo Tenerife eta Unicaja aritu ziren nor baino nor gehiago, final horretan, eta Unicajaren entrenatzailea Ibon Navarro da. Navarro ere bada Athleticeko zalea, eta honakoa esan zuen Vidorretak: "Oso pozik nago nire laguna den entrenatzaile baten aurka final bat jokatzeagatik, eta biak finalak jokatzen eta irabazten ohituta dagoen talde zuri-gorriko jarraitzaileak gara".
Zortzigarren enbaxadorea da Vidorreta, Athleticeko 125. urteurrenean; hauek izan ziren aurrekoak: Jon Rahm golf jokalaria (urtarrilekoa), Jokin Altuna pilotaria (otsailekoa), Honey Tahljieh ekintzailea (martxokoa), Thomas Hitzlsperger futbolaria (apirilekoa), Marino Lejarreta eta Joane Somarriba txirrindulariak (maiatzekoak, eta Euskal Herriko txirrindularitzaren izenean), Maria Arthuer Iñaki eta Nico Williamsen ama (ekainekoa) eta Juan Villoro idazle mexikarra (uztailekoa).
Abuztuaren 12an emango diote Vidorretari saria. Egun horretan, 21:30ean, Athletic-Real Madril partida jokatuko dute, San Mamesen. Gerora, entrenatzailea Tenerifera bueltatuko da, denboraldiaurreari ekiteko.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa