Athletic club
Erreginaren Kopa
A. B. E. | EITB Media
Zuri-gorriek 0-4ko emaitzarekin galdu dute Madrilgo taldearen kontra Erreginaren Kopako finalerdietako kanporaketa. Ondorioz, Athletic ez da finalean egongo. Real Madril eta Atletico Madril ariko dira titulua lortzeko lehian.
Jone Amezaga (Athletic Club) baloia eraman nahian Real Madrilen aurkako partidan. Argazkia: EFE
Athleticek ez du Erreginaren Kopako finala jokatuko, asteazken honetan, maiatzaren 24an, galdu egin baitu Real Madrilen aurka 0-4ko emaitzarekin finalerdietako kanporaketa.
Madrilgo taldeak ez die aukerarik eman zuri-gorriei, eta aise nagusitu da. Ondorioz, Real Madrilek finalerako txartela lortu du, eta Atletico Madril izango du aurkari titulua lortzeko lehian.
Real Madril izan da baloiaren jabe hasiera-hasieratik. Athletic atzean sartuta egon da, eta 7. minutuan 0-1ekoa jarri du markagailuan Weirrek Madrilgo taldearentzat; Erresuma Batuko jokalariak kontrol bikaina egin, eta erremate loratua eginez gainditu du Mariasun Quiñones atezaina.
Golaren ostean ere, Real Madrilek izan du baloiaren jabetza. Talde zuri-gorria zelai erdia gainditu ezinda ibili da. Hala, 9. minutuan, Quiñonesek aurkariaren bigarren gola eragotzi du, gelditu bikaina eginda. Gainera, 15. minutuan, Valdezate Athleticeko jokalariak zelaia utzi behar izan du min hartuta, eta Azkona sartu da berdegunean haren ordez.
Ezinean ibili da Iraia Iturregik zuzendutako taldea, eta aurkariak eroso jokatu du. Real Madrilen nagusitasuna erabatekoa izan da. Hala, 26. minutuan, Tolettik Madrilgo taldearen bigarren gola sartu du, boleaz Athleticen atea zulatuta (0-2).
Oso maldan gora jarri zaio norgehiagoka Bilboko taldeari. Gainera, atsedenaldira iritsi orduko, 40. minutuan, Real Madrilek hirugarrena sartu du; Athenea izan da golegilea (0-3).
Bigarren zatia ere, oso gaizki hasi da Athleticentzat, lehen minutuan aurkariaren gola jaso baitu. Weirrek markagailuan 0-4koa jarri du, bere bigarren gola eginda, eta erabakita utzi du finalerdia.
Azken txanpan, Athletic golen bat sartzen saiatu da, emaitza txukuntzeko, baina zuri-gorriek ezin izan dute Real Madrilek babestutako atea zulatu. Hortaz, Real Madrilen aldeko 0-4ko emaitzarekin bukatu da neurketa.
Fitxa teknikoa:
0 - Athletic Club: Quiñones; Landaluze, Valdezate (Azkona, 18. min), Zubieta, Nerea Nevado; Mariana (Itxaso, 46. min), Oguiza (Nekane, 67. min); Oihane, Pinedo, Amezaga (Peke, 67. min); eta Arana (Elexpuru, 92. min).
4 - Real Madril: Misa; Robles, Kathellen, Ivana, Carmona; Toletti, Zornoza (Svava, 53. min), Weir (Abelleira, 53. min); Athenea (Oroz, 46. min), Caicedo (Nahikari, 72. min) eta Feller (Moller, 46. min).
Golak: 0-1, 6. min: Weir. 0-2, 26. min: Toletti. 0-3, 40. min: Athenea. 0-4, 46. min: Weir.
Epailea: Gil Soriano. Txartel horia atera die Arana (28. min), Zornoza (48. min) eta Caicedo (69. min) jokalariei.
Hurrengo zuzenekoak
27 | 18:00 - 20:00 | IGERIKETA | Donostiako Gabonetako Saria |
28 | 22:10 - 00:30 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Jaka-Imaz |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa