Athletic club
Santander Liga
AGENTZIAK | EITB Media
Ocamposek Yeray Alvarezek egindako penaltia sartu du 92. minutuan, erdiko atzelari zuri-gorriari Unai Simonek bidalitako baloi konprometitu batek ihes egin ostean.
Iñaki Williams eta De Marcos, baloi baten lehian. Argazkia: EFE
Lucas Ocampos argentinarrak 92. minutuan penaltiz sartutako golak garaipena eman dio ostegun honetan Sevillari Athletic Cluben aurka (0-1); horrela, bilbotarrak gelditu egin ditu Europako postuak lortzeko lehian.
Athletic Club - Sevilla partidaren laburpena
Ocamposek Yeray Alvarezek egindako penaltia sartu du, 92. minutuan, erdiko atzelari zuri-gorriari Unai Simonek bidalitako baloi konprometitu batek ihes egin ostean.
Espero bezala hasi da norgehiagoka, trenen arteko talka bat bezala bi talde biziren artean eta aurkariaren zelaian agintzeko asmoarekin.
Athleticek hartu du ekimena, eta bi gol sartu ditu 8. eta 16. minutuetan, Nico Williamsek lehena eta Guruzetak bigarrena, baina VAR sistema baliatuta, baliogabetu egin dituzte, jokoz kanpo zeudelako.
Bi taldeen arteko partidaren aukera nagusiak izan dira. Partida berdinduz joan da, aukerarik gabe, baina Athletic nagusi zela, lehen zatiko azken minutuetan Athleticek Yuriren eta Guruzetaren bi erdiraketa on egin dituen arte, ezerezean geratu direnak.
Aldageletatik itzuli direnean, Nicok bi jokaldi egin ditu etxekoen erasoko ezker hegaletik, eta kornerrean bukatu dira.
Mendilibarrek aulkia mugitu du, jokoaren norabidea aldatzen saiatzeko, eta hiru aldaketa egin ditu. Entrenatzaile bizkaitarrari emaitza eman dio, mugimenduaren osteko lehen aukera bere taldearena izan baita.
Athleticek Williams anaien arteko jokaldi batekin erantzun dio, txikiak angelurik gabeko errematea egin dio erdiraketa handienari, baina norgehiagoka etxekoen area aldera okertzen hasi da.
Unai Simonek ere ez du bere burua arrisku handiegian ikusi, Yerayri emandako pase konprometitu batean berak bakarrik sortu duena izan ezik. Yerayk irrist egin du lehenik, eta, ondoren, penaltia egin du, Ocampos lurrera botata. Argentinarrak hamaika metroko puntutik egin du partidako gol bakarra.
Fitxa teknikoa
0 - Athletic: Unai Simon; De Marcos, Vivian, Yeray, Yuri; Dani Garcia, Herrera (Vencedor, 81. min); Iñaki Williams (Raul Garcia, 81. min), Sancet, Nico Williams (Adu Ares, 89. min); eta Guruzeta (Berenguer, 66. min).
1 - Sevilla: Dmitrovic; Jesus Navas (Montiel, 55. min), Bade, Gudelj, Acuña (Alex Telles, 83. min); Fernando, Rakitic (Pape Gueye, 55. min); Ocampos, Suso (Papu Gomez, 55. min), Lamela (Bryan Gil, 46. min); eta En-Nesyri.
Gola: 0-1, 92. min: Ocampos, penaltiz.
Epailea: Alejandro Hernandez Hernandez. Txartel horia atera die Sancet, Yeray, Raul Garcia, Lamela, Acuña eta Ocampos jokalariei.
Hurrengo zuzenekoak
08 | 21:00 - 23:45 | PILOTA | Lau t'erdiko txapelketa | B Serieko Finalaurrekoak: Bakaikoa vs Murua / Egiguren V vs Larrazabal |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa