Athletic club
Santander Liga
I. G. | EITB MEDIA
Iñigo Martinez, Gorka Guruzeta eta Mikel Vesgaren (penaltiz) hiru golek garaipena eman diote talde bilbotarrari, Ligan irabazi gabeko lau jardunaldietako bolada txarrari amaiera emanez.
Athleticeko jokalariak gol bat ospatzen. Argazkia: EFE
Athleticek 1-3 irabazi dio Valladolidi ostiral honetan Santander Ligako 26. jardunaldiaren hasieran, hiru puntu lortuz Europako postuetara hurbiltzeko aukerak areagotzeko eta bolada txarretik ateratzeko.
Valladolid - Athletic Club partidako laburpena
Ernesto Valverderen taldeak amaiera eman dio lau partida irabazi gabe eta hiru golik sartu gabe zeramatzan bolada txarrari. Talde euskaldunak hobera egin du Valladiloden kalterako, lau minutuz aukerak izan dituena Larinen 1-2koarekin.
Iñigo Martinezek Espainiako selekzioaren deia ospatu du denboraldiko bere lehen golarekin markagailua irekiz. Erdiko atzelariak falta bat jaurti eta Oscar Planon jo du, baloiaren ibilbidea aldatuz eta atera sartuz bilbotarren poztasunerako (0-1).
Athletic nagusi zen ordurako, nahiz eta etxekoek partida hobeto hasi Kike Perezen eta Larinen abagune bikoitzarekin.
Williams anaiek lan handia eman diote Valladolidi, eta asko kostatu baitzaie goletik berpiztea. Hori gutxi balitz, Athleticek aurreko partidatan falta zitzaion indarra erakutsi du Guruzetaren 0-2koarekin De Marcosen pase on baten ondoren.
Pachetak zuzendutako taldeak amore eman zuela zirudien Manu Pozok debuta egin duenean. Harrobiko jokalariak aukera bikaina izan du bere lehen ekintzan, eta Larinen golean ere protagonista izan da Jose Zorrilla esnatzeko. Kanadarrak, urtarrilean iritsi zenetik egin duen bosgarren golean, itxaropena eman dio etxeko taldeari, baina lau minutu baino ez die iraun.
Nico Williamsen erdiraketa batek Joaquinen eskuan eman du eta epaileak penaltia adierazi du zalantzarik gabe. Estadioa isilarazi egin da, Vesgaren 1-3koa ospatu duen 'lehoi'en zaleen kantoia izan ezik, eta Athleticek hiru puntu bereganatu ditu selekzioen geldialdira lasai joateko.
Fitxa teknikoa
1.- Real Valladolid: Asenjo; Fresneda, El Yamiq (Joaquin, 46. min), Javi Sanchez, Escudero (Pozo, 77. min); Monchu, Kike Perez (Aguado, 58. min); Plata, Ivan Sanchez (Sergio Leon, 58. min), Plano (Olaza, 71. min); Larin.
3.- Athletic Club: Agirrezabala; De Marcos, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri (Balenziaga, 90+. min); Vesga, Dani Garcia; Nico Williams (Zagarra, 90+. min), Sancet (Muniain, 82. min), Iñaki Wiiliams (Raul Garcia, 82. min); Guruzeta (Berenguer, 75. min).
Golak: 0-1 (29. min): Iñigo Martinez. 0-2 (56. min): Guruzeta. 1-2 (73. min): Larin. 1-3 (77. min): Vesga, penaltiz.
Epailea: Javier Alberola Rojas. Txartel horia atera die Javi Sanchez, Larin, Yuri eta Vesga jokalariei.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa