23:17

Athletic club

2-1

Athleticek Espanyoli irabazi dio San Mamesen, emaitza iraulita

A. B. E. | EITB Media

Zuri-gorriek 2-1eko emaitzarekin lortu dute garaipena Kataluniako taldearen aurka Santander Ligako 23. jardunaldiko partidan. Athletic Europarako postuetara gerturatu da.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Athleticek 2-1 menderatu du Espanyol San Mamesen astelehen honetan jokatu den Santander Ligako 23. jardunaldiko partidan. Bilboko taldea sailkapeneko 8. postuan dago jada, 34 punturekin, eta Europarako postuetara gerturatu da. Seigarrenak, Vila-realek, 35 puntu ditu, eta bosgarren dago Atletico Madril, 36rekin.

Erritmo biziarekin ekin diote neurketari bi taldeek, eta hirugarren minutuan, Espanyolek aurrea hartu du markagailuan, Vilhenaren golari esker (0-1); Puadok eskuin hegaletik erdiratu, eta Kataluniako taldeko aurrelariak Unai Simon atezaina gainditu du, penalti puntutik errematea eginda.

Azkar erantzun du Athleticcek, seigarren minutuan Sancetek banakoa (1-1) jarri baitu markagailuan. Erdilariak pase luzea jaso du, bakarrik geratu da Diego Lopezen aurrean, eta Espanyoleko atezaina gainditu du jaurtiketa gurutzatua eginez. Hasieran, epaileak baliogabetu egin du gola, zuri-gorria jokoz kanpo zegoela adierazita, baina gola markagailura igo da azkenean, VAR sistemak neurketak egin eta ez dela jokoz kanporik egon baieztatu baitu.

Bilboko taldeak neurketa berdindu eta hamar minutura, Berenguerrek falta atera, Vivianek area barrutik erdiraketa egin, eta Iñigo Martinezek gola sartu du (2-1).

Emaitza iraultzea lortu du Athleticek, eta hirugarren gola sartzeko abagune argia izan du 18. minutuan, baina Sancetek ezin izan du jaurtiketa egin area barrutik, jokaldi ona egin ostean.

Espanyolek erasora jo du bigarren gola jaso ostean. Arriskua eraman du Unai Simonek babestutako ate ingurura, baina kosta egin zaio abaguneak sortzea. Neurketako 35. minutuan Dimatak kanpora bota duen errematea izan da perikitoek gola sartzeko izan duten aukerarik onena. Atsedenaldira iritsi aurretik, zuri-gorriek abagunea izan dute, baina Berenguerrek area barruan egin duen jaurtiketa kornerrera desbideratu du Oscar Gilek.

Bigarren zatian, norgehiagokaren erritmoa motelagoa izan da, eta bi taldeei askoz gehiago kosta zaie gola egiteko aukerak sortzea. Espanyolek eman du lehen abisua, 47. minutuan, baina Puadoren jaurtiketa kanpora joan da. Ondoren, Athletic eta Espanyol ez dira gai izan partida kontrolpean izateko. Parekotasuna izan da nagusi, eta ez da abagune argirik iritsi. Bi taldeek lan hobea egin dute defentsan erasoan baino.

Azken txanpan, 88.minutuan, Darderrek area kanpotik egin duen jaurtiketa indartsua kornerrera desbideratu du Unai Simonek, erantzun bikaina emanda. Athletic sendo egon da defentsako lanean, Espanyolek ez du estutasunetan jarri aurkaria, eta etxeko taldeak poltsikoratu ditu hiru puntuak.

Fitxa teknikoa:

2 - Athletic Club: Unai Simon; Lekue, Vivian, Iñigo Martínez, Balenziaga; Berenguer (Petxarroman, 64. min), Zarraga, Dani Garcia (Vesga, 58. min), Serrano (Muniain, 72. min); Sancet (Villalibre, 72.min) eta Raul Garcia (Iñaki Williams, 64. min).

1 - Espanyol: Diego Lopez; Oscar Gil, Sergi Gomez (David Lopez, 63. min), Cabrera, Pedrosa; Morlanes (Yangel Herrera, 75. min); Melendo (Embarba, 63. min), Darder, Vilhena (Wu Lei, 75. min); Puado eta Dimata (Loren, 63. min).

Golak: 0-1, 3. min: Vilhena. 1-1, 6. min: Sancet. 2-1, 16. min: Iñigo Martinez.

Epailea: Cesar Soto Grado. Txartel horia atera die Vesga (62. min), Petxarroman (86. min) eta Iñigo Martinez (93. min) zuri-gorriei, eta Morlanes (15. min), David Lopez (70. min) eta Oscar Gil (76. min) perikitoei.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.

    Ez dago zuzenekorik

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena