22:45

Athletic club

35. JARDUNALDIA

Athletici asko zaildu zaio Europa Sevillarekin galdu eta gero (1-2)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Capak aurretik jarri ditu zuri-gorriak, baina Banegak eta Munirrek buelta eman diote markagailuari bigarren zatian.

  • Ever Banegak faltaz sartu du sevillarren lehen gola

    Ever Banegak faltaz sartu du sevillarren lehen gola. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Athleticek galdu egin du ostegun honetan Sevillaren aurka San Mamesen (1-2), eta, hartara, emaitza horrek asko zaildu ditu datorren denboraldian Europa Liga jokatzeko zuri-gorrien ilusioak.

Etxekoak aurretik joan dira markagailuan atsedenaldira Capari esker, baina Ever Banegaren eta Munir El Haddadiren golek punturik gabe utzi dute Garitanoren taldea. Norgehiagokaren azken minutuetan, polemikarako tartea ere egon da; izan ere, epaileak eta VARak adierazi gabe utzi dute Munirrek Iñigo Martinezi Andaluziakoen area barruan egindako falta garbia zirudiena.

Sevillak askoz hobeto ekin dio partidari, eta lehen ordu laurdenean Julen Lopeteguiren taldeak erabateko nagusitasuna erakutsi du (% 80tik gorako baloi jabetza izan du tarte horretan). Banega eta Suso nahieran zebiltzan, eta gola besterik ez zaie falta izan andaluziarrei minutu horietan. Athletic, berriz, estu zebilen, eta, horrez gain, Yuri Berchichek zelaia utzi behar izan du giharretako lesio batekin (25. minutua).

Alabaina, Sevillak ez ditu gauzatu izandako abaguneak, eta Athleticek aprobetxatu egin du berea. Lehendabizi, Vesgak maleziarik gabeko bi jaurtiketa egin ditu, nahiz eta bigarrenak zutoinaren ondotik alde egin duen. Gerora, aldiz, erdilari arabarrak bigarren zutoinera erdiratu du baloi bat, eta Capari iritsi zaio, Sevillakoen defentsan jo ostean. Portugaletekoak ez du barkatu atezainaren aurrean, jaurtiketa bortitz batekin (29. minutua).

Sevilla erreakzionatzen saiatu da, baina Jordanen eta Ocamposen urruneko ahaleginek, azken hori bere zelaitik egindakoa Unai Simon ezustean harrapatu nahian, ez dute saririk jaso (41. minutua).

Bilbotarrak egon dira bigarrena egitetik gertuago, Koundek area txikian egindako aldaratze txar baten ondoren baloia Muniaini heldu zaionean, baina zuri-gorrien kapitainak oso gaizki jaurti du ezkerrarekin, eta neurketa atsedenaldira joan da (47. minutua).

Bigarren zatiko hastapenean, 53. minutuan, Athleticek bigarren gola sartzeko aukera garbia izan du berriro ere. Oraingoan, Cordobak jaso du baloia korner baten ostean, eta buelta erdian egin duen erremate zaila ate erdira atera zaio, Bono zegoen tokira, eta hark, zailtasunekin izan bada ere, gelditu egin du.

Handik gutxira, Sevillaren txanda heldu da. Susok jaurtiketa indartsua egin du area ertzetik, eta Simonek gelditu egin du. Hala ere, baloiaren alderatzea Reguilonek izan du errematatzeko moduan, baina irrist egin du (57. minutua).

Andaluziarrek berdinketaren bila jarraitu dute gogotsu, eta Ocamposek oso gertu izan du Jordanen barneraldi batean, baina Simonek gelditu aparta egin dio argentinarrak area barrutik egin duen saiakerari (62. minutua).

Nagusi ziren Julen Lopeteguiren mutilak zelai gainean, eta berehala etorri zaie bila zebiltzana. Dani Garciari zelairatu berria zen Munirri egindako falta adierazi diote areatik oso gertu, eta Banegak maisutasunez jotako baloia sare barrura joan da (70. minutua). Gol horrek kalte handia egin die zuri-gorriei, eta sevillarrek bikain baliatu dute egoera bigarrena egiteko handik hiru minutura. Orduko horretan, alderantziz aritu dira protagonistak: Banegak baloia area barrura erdiratu du, eta Munirrek lortu du gola buruz.

Horren aurrean, Garitanok hiru aldaketa egin ditu aldi berean: Villalibre, Kodro eta Ibai zelairatu ditu Capa, Williams eta Cordoba ordez.

Hortik aurrera etxekoena izan da jokoaren ekimena, eta Muniainek area kanpotik egin duen ahaleginari erantzun ezin hobea eman behar izan dio Bonok berdinketa ekiditeko (85. minutua).

Eztabaidarako jokaldia etorri da jarraian. Ibaik kornerra atera du, eta Munirrek Iñigo Martinezi gerritik heldu dio area barruan, Ondarroako errematatzera zihoanean. Itxura batean penalti argia izan zitekeena zigortu gabe geratu da epailearen zein VARaren partetik. Hortxe bukatu zaizkio Athletici norgehiagoka berdintzeko aukerak, baita  datorren urtean Europan aritzeko asko ere.

Fitxa teknikoa

1 - Athletic: Unai Simón, Capa (Kodro, 78. min), Unai Núñez, Iñigo Martínez, Yuri (Balenziaga, 25. min), Dani García, Vesga, Muniain, Sancet (De Marcos, 46. min), Córdoba (Ibai, 78. min) eta Williams (Villalibre, 78. min).

2 - Sevilla: Bono, Jesús Navas, Koundé, Diego Carlos, Reguilón, Jordán (Munir, 64. min), Gudelj, Banega, Suso (Fernando, 79. min), En-Nesyri (De Jong, 64. min) eta Ocampos (Franco Vázquez, 88. min).

Golak: 1-0, 28. min: Capa. 1-1, 69. min: Banega. 1-2, 73. min: Munir.

Epailea: David Medié Jiménez. Txartel gorria atera dio Juan Iribarren Athleticeko prestatzaile fisiakoari. TXartel horiak: Unai Núñez, De Marcos eta Dani García (Athletic);  Banega eta Ocampos (Sevila).

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    10 Zuzenean 17:00 - 20:00 PILOTA | 4 t'erdiko finalaurrekoak: Altuna III vs Laso

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena