Athletic club
Uztailaren 19ra arte
Erredakzioa
Mikel San Joseren twitterreko kontuan publikatutako ohar baten bidez jakitera eman dute Liga amaitu arte segituko dutela.
San Josek eta Beñatek Athleticen jarraituko dutela iragarri dute. Argazkia: @mikelsanjo6
Mikel San Josek eta Beñat Etxebarriak Athleticen jarraituko dute denboraldi amaierara arte, hau da, uztailaren 19an Liga bukatzen denera arte. Hala jakinarazi dute, San Joseren twitterreko kontuan publikatutako ohar baten bidez.
Beñaten eta San Joseren kontratuak ekainaren 30ean bukatzen ziren, baina klubarekin akordiora iritsi dira Liga amaitu arte jarraitzeko. "Lerro xume hauen bitartez, Beñat Etxebarria eta Mikel San Jose jokalariok Athletic Cluben denboraldi amaierara arte jarraituko dugula adierazi nahi dugu. Kontrakoa dirudien arren, ez da erabaki erraza izan. Bizitzako arlo guztietan buruak eta bihotzak dena mugitzen dute, eta horren arabera erabakiak hartzen dira, baita futbol profesionalean ere, eta are gehiago esango genuke, batez ere Athletic Cluben", adierazten du oharraren hasierak.
Bestalde, datorren denboraldian ez dutela jarraituko badakitela ere esan dute, baina bihotzak jarraitzera bultzatu dituela: "Buruak gauza bat esaten zigun eta bihotzak guztiz kontrakoa. Profesionalak gara, eta, logikoa denez, arlo horretako interesak kontuan hartu ditugu. Data horren ostean Athleticen jarraituko ez dugula jakin bagenekien erabateko ziurtasunarekin adierazi ez diguten arren, eta horrek aukera ematen zigun gure harremana unean bertan eteteko. Futbola horrela da eta ulertzen dugu, baina klubarekin aldetik gurekin denboraldi amaierara arte segitzeko asmoa azaldu ziguten".
Gauzak nola eman diren ez dute azaldu, baina aurrerago horretaz hitz egiteko aukera izango dutela adierazten da oharrean, egun ez dutelako inorentzat aitzakia izan nahi.
Bihotzak esan diena egin dutela argitu dute: "Bihotzak eman dizkigu argudiorik sendoenak. Abiapuntua oso erraza zen: Athleticen bizitzako guztia errepika-ezina da, aldagela izugarria da, taldekideak gara, baita lagunak ere eta horrek erabakiaren balantza desorekatu du. Athleticen ditugun adiskideekin batera kirol helburuak lortu nahi ditugu, posible da eta, zelaian ezin bada zelaitik kanpo, beti erakutsi dugun ilusio eta inplikazioarekin ereserkiak dioen moduan, Athletic gogoaren indarra baita".
"Finean, azken unera arte gozatu nahi dugu, eta proiektu berezi baten partaideak izatearen pribilegioa dastatu. Tamalez, pena bakarra da zaleekin batera ezin egitea. Izurriteak kolpatu egin gaitu, senitartekoak eta lagunak galdu egin ditugu, eta horrekin batera futbolaren arima hustu digu. Zaleekin kontakturik gabe ez da gauza bera, ezta Athletici agur esateko orduan ere, baina eutsiko diogu. Aupa Athletic eta mila esker!", idatzita amaitzen da oharra.
Hurrengo zuzenekoak
27 | 18:00 - 20:00 | IGERIKETA | Donostiako Gabonetako Saria |
28 | 22:10 - 00:30 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Jaka-Imaz |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa