16:47

Athletic club

2-1

Athleticek mendean hartu du Levante emaitza iraulita eta Europarako borrokan sartu da

Erredakzioa

Zuri-gorriak 2-1eko emaitzarekin irabazi diote talde valentziarrari Ligako 13. jardunaldiko partida. Postigok aurretik jarri du Levante, baina Muniainen eta Caparen golek garaipena etxean utzi dute.

  • Ander Capa, Athletic Club. Argazkia: EFE

    Ander Capa, Athleticekin Levanteri sartu dion gola ospatzen. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Athleticek garaipena lortu du Levanteren aurka (2-1) San Mamesen, Santander Ligako 13. jardunaldiko partidan. Ondorioz, talde zuri-gorriak 20 puntu ditu jada, eta Europa Liga jokatzeko aukera ematen duen seigarren postuan iritsiko da Ligako atsedenaldira.

Etxean egiten duen moduan abiatu du neurketa Athleticek: erasokor eta baloiaren jabe zela. Gaizka Garitanok zuzentzen duen taldeak azkar egin ditu lehen jokaldi arriskutsuak. Seigarren minutuan, Aitor Fernandez atezainak ondo erantzun dio Muniainen erremateari, baita Raul Garciak 31. minutuan egin duen jaurtiketari ere. Gainera, atezain gipuzkoarrak Athleticen golak eragotzi ditu, Yuriren, Unai Lopezen eta Cordobaren erremateak desbideratuta. Jaun eta jabe izan da talde zuri-gorria lehen zatian, baina atsedenaldira iristekoak zirenean, Levanteren korner batean, Postigok gola sartu du (0-1). Gaizki defendatu du jokaldia Athleticek, eta gol horrekin amaitu da lehen zatia.

Bigarren zatiari ekiteko, Gaizka Garitano entrenatzaileak Ibai Gomez sartu du Cordobaren ordez. Atsedenaldiaren ondorengo lehen abagune argia Levantek izan du, baina Moralesen jokaldi ona Campañak errematatu du, eta Unai Simon atezainak eragotzi du gola.

Levanteren abagunearen ostean, Athletic indarberritu egin da, eta erasora jo du. Williamsek bikain gidatu duen kontraeraso batean, pasea eman dio Raul Garciari, eta Ibai ez da iritsi pasea errematatzeko. Arriskua sortzen ibili da Bilboko taldea, eta, 57. minutuan, Muniainek berdinketa jarri du markagailuan (1-1) Caparen erdiraketa sare barrura errematatuta.

Harmailetan bildu diren zaleen animoek bultzatuta, garaipenaren bila jo du Athleticek. Raul Garcia eta San Jose gola sartzetik gertu egon dira, baina bien erremateak kanpora joan dira langa urratuta. Levanteren erantzuna kontraeraso batean etorri da; Aitor Fernandezek luze atera, Morales area barruan sartu da, baina gora bota du. Partidaren azken txanpan, erasora jo du berriro Athleticek, eta ekinaren ekinez lortu du azkenean saria, 88. minutuan; korner baten ostean, Capak aldaratzea jaso, jaurtiketa indartsua egin, eta 2-1ekoa sartu du.

Athleticen bigarren golaren ondoren, Levanteri ez dio ezertarako denborarik eman, talde zuri-gorriak ondo jokatu ditu luzapeneko minutuak, eta garaipen garrantzitsua lortu du.

Fitxa teknikoa:

2 - Athletic Club: Unai Simon; Capa, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri; Dani Garcia, Unai Lopez (San Jose, 66. min); Williams (Villalibre, 86. min), Muniain, Cordoba (Ibai, 46. min); eta Raul Garcia.

1 - Levante: Aitor; Miramon, Vezo, Postigo, Clerc; Bardhi, Melero (Vukcevic, 80. min), Radoja, Campaña; Morales (Roger, 86. min) eta Mayoral (Hernani, 76. min)

Golak: 0-1, 46. min: Postigo. 1-1, 57. min: Muniain. 2-1, 88. min: Capa.

Epailea: Alberola Rojas. Txartel horiak atera dizkie Dani Garcia (61. min), Raul Garcia (61. min) eta Capa (78. min) Athleticeko jokalariei, baita Bardhi (49. min) eta Vezo (75. min) Levanteko futbolariei ere.

VAReko epailea: Iglesias Villanueva.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    25 12:00 - 14:00 HARRI-JASOTZAILEAK | Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa
    25 17:00 - 20:00 PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena