Athletic club
1-1
Erredakzioa
Talde zuri-gorriak bana (1-1) berdindu du San Mamesen. Aurrea hartu du Williamsen golari esker, baina Iñigo Martinezek bere atean sartu duen golak ekarri du berdinketa.
Athleticek berdindu egin du Valladoliden aurka (1-1) San Mamesen eta bolada txarrean jarraitzen du, laugarren partida pilatu baitu garaipena lortu gabe. Talde zuri-gorriak 13 puntu ditu, eta sailkapeneko 8. postuan da.
Gaizka Garitanok zuzentzen duen taldearen hasiera, ona izan da. Erasokor zelairatu da Athletic eta abaguneak sortu ditu. Cordobak oso gaizki errematatu du abagune oso argi bat, Yerayren errematea falta baten ostean ez da sare barrura joan, eta Raul Garciak kale egin du Williamsen erdiraketa errematatzerakoan. Kontrolpean izan du neurketa talde zuri-gorriak, baina Yerayren huts larri batek bakarrik utzi du Guardiola Unai Simonen aurrean, eta Athleticeko atezainak Valladoliden gola eragotzi du, buruz burukoan nagusi izanda. Neurketako ordu erdia bete denean, Williamsek pase bikaina eman dio Capari, honek gehiegi itxaron du jaurtiketa egiteko, eta aukera bikaina alferrik galdu du. Hurrengo jokaldian, ordea, Unai Lopezek baloia aldendu du, Williamsek atzean utzi ditu aurkari guztiak, izkin egin dio azken defentsari, eta, maisuki 1-0ekoa sartu du.
Bigarren zatiari ere ondo ekin dio Athleticek, eta beste abagune argi baten, Unai Lopezek oso gaizki jaurti du Muniainen pasea jaso ostean. Ondoren, Masipek erantzun ona eman dio Muniainen jaurtiketari, eta Unai Lopezek berriro oso gaizki jaurti du area kanpotik. Valladolid ezinean ibili da, baina Athleticek hutsak egin ditu defentsan, eta Pucelako taldeak partida berdindu du. Yerayk akats larria egin du baloia ateratzerakoan, Valladolidek arean jarri du baloia, Unai Simon atezainak ezin izan du harrapatu, eta Iñigo Martinezengan jo ostean sare barrura sartu da (1-1).
Azken txanpan erasora jo du Athleticek, eta gola sartzeko aukera ona izan du; Muniainen jaurtiketa, ordea, Masip atezainak desbideratu du, erantzun bikaina emanda. Amaieran, puntu bana talde bakoitzarentzat.
Fitxa teknikoa:
1 - Athletic Club: Unai Simon; Capa, Yeray, Iñigo Martinez, Balenziaga; Dani García, Unai Lopez (Aduriz, 77. min); Muniain, Raul Garcia (Larrazabal, 86. min), Cordoba (Beñat, 66. min); eta Williams.
1 - Real Valladolid: Masip; Moyano (Pedro Porro, 68. min), Kiko Olivas, Salisu, Nacho; Oscar Plano, Joaquin, Míchel, Toni Villa (De Frutos, 68. min); Guardiola (Anuar, 85. min) eta Enes Ünal.
Golak: 1-0, 33. min: Williams. 1-1, 72. min: Iñigo Martínez, bere atean.
Epailea: Jesus Gil Manzano. Txartel horiak atera dizkie Yeray (58. min) eta Aduriz (79. min) Athleticeko jokalariei, baita Salisu (38. min) eta Sergio Gonzalez (75. min) Valladolideko futbolariari. Sergio Gonzalez (58. min) entrenatzaileak ere txartel horia ikusi du.
VAReko epailea: Eduardo Prieto Iglesias.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa