Athletic club
27. JARDUNALDIA
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Zuri-gorriek denboraldiko hamahirugarren berdinketa pilatu dute, jokalari nafarrak 81. minutuan sartu duen golari esker.
Raul Garcia, partidan egin dituen erremate ugarietako batean. Argazkia: EFE
Athleticek eta Espanyolek berdindu egin dute San Mamesen. Kanpotarrek oso goiz hartu dute aurrea markagailuan, Facundo Ferreyra argentinarrak sartutako golaren bidez (9. minutua), baina partidaren azken aldera Raul Garciak berdinketaren gola erdietsi du (81. minutua).
Neurketaren ekimena bereganatuz ekin diote lehiari zuri-gorriek, katalanak zain zeudela. Hasiera gartsu hori aprobetxatzeko zorian izan dira bilbotarrak, baina Raul Garciak area barruan Muniani orpoz eman nahi izan dion paseak ez du behar adina indar izan, eta Espanyoleko atzelariek arriskua aldendu ahal izan dute.
Aitzitik, eraginkorrago agertu da Rubik entrenatzen duen taldea izan duen lehen aukeran. Granerok Wu Lei bilatu du bilbotarren defentsaren atzealdean, eta aurrelari txinatarrak buruz utzi dio baloia atzetik heldu den Ferreyrari, hark sareetara bortitz erremata zezan.
Etxekoek ez dute ondo hartu gola, eta lehen zatiaren erdialdera arte noraezean ibili dira. Izan duten aukerarik argiena Susaetaren jokaldi batean etorri da. Eibarreko hegalekoak izkin egin die bere defendatzaileei, baina bere zartako arriskutsua kornerrera aldendu du Diego Lopezek.
Bigarren zatia hastearekin bat Kodrok Williamsen lekua hartu du zelaian, eta zuri-gorriak etengabe hurbildu dira Espanyolen atera, batez ere erdiraketen bitartez. Horietako arriskutsuenak Ibai Gomezek jarri ditu. Santutxukoa arauzko denbora betetzeko 15 minutu falta zirela sartu da zelaian Susaetaren ordez, eta oinaren kanpoaldearekin egin ohi dituen erdiraketa horietako batean, Raul Garciak ezin hobeto errematatu du baloia, Diego Lopez heldu ezin zitekeen lekuan jarriz.
Nafarrak denboraldi honetan sartu duen bosgarren gola izan da Espanyolen aurka erdietsitakoa; gainera, berak lortu ditu Athleticek sartu dituen azken lau golak.
Berdinketa honekin talde biak sailkapenaren erdialdean geratuko dira jardunaldiko gainerako emaitzen faltan. Biek dituzte 34 puntu, jaitsierako postuak 11ra aldendu dituzte, eta Europa Ligarako eskubidea ematen duten tokietatik hirura daude.
Fitxa teknikoa:
1 - Athletic: Iago Herrerin, De Marcos, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri, Dani Garcia (Beñat, 63. min), San Jose, Susaeta (Ibai, 75. min), Raul Garcia, Muniain eta Williams (Kodro, 46. min).
1 - Espanyol: Diego Lopez, Rosales, Naldo, Hermoso, Javi Lopez, Marc Roca, Melendo (Pedrosa, 85. min), Granero, Hernan Perez (Víctor Sanchez, 70. min), Ferreyra eta Wu Lei (Puado, 60. min).
Golak: 0-1, 9. min: Ferreyra. 1-1, 81. min: Raul Garcia.
Epailea: Gonzalez Fuertes. Txartel horiak: Dani Garcia e Iñigo (Athletic); Ferreyra, Mario Hermoso, Melendo, Granero eta Victor Sanchez (Espanyol).
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa