22:41

Athletic club

14. JARDUNALDIA

Athletic Ligako sufrikariora bueltatu da (3-0)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Zuri-gorriak ez dira gai izan lehen zatiko amaieran jaso duten golari buelta emateko. Bigarren zati oso txarra jokatuta, gainera, bi gol gehiago hartu dituzte.

  • Athleticeko jokalariak lur jota Levanteko jokalariak gol bat ospatzen duten bitartean

    Athleticeko jokalariak lur jota Levanteko jokalariak gol bat ospatzen duten bitartean. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Athleticek galdu egin du berriro Ligan, Levanteren aurka (3-0) oraingoan, eta oso egoera kezkagarrian geratu da sailkapenean.

Eduardo Berizzoren taldea aurkaria baino hobea izan da lehen zatian. Baloiaren jabetza izan du, eta Iñaki Williamsen abiadura baliatzen saiatu da, baina Levanteren atzelariak sendo aritu dira.

Athleticen abagunerik garbiena atsedenaldira iritsi baino 10 minutu lehenago etorri da. Adurizi baloi luze bat heldu zaio, baina ezin izan du kontrol onik egin, eta Oier Levanteren atezaina azkar ibili da zuloak estaltzeko. Aurrelari donostiarraren jaurtiketak ez du arrisku handirik sortu.

Aitzitik, partidaren lehen txanda amaitzear zela, etxeko taldeak gola lortu du. Hegaletik erdiratu duten geldikako jokaldi batean, baloia area barrura heldu da, eta, zenbait aldaratzeren ondoren, Chema atzelariari ailegatu zaio. Haren jaurtiketak zuri-gorrien ate barruan amaitu du.

Bigarren zatia hasi eta berehala, Ganea errumaniarra lesionatu egin da aurkari batekin tupust egin eta gero. Ezker hegalekoak ohatilan utzi behar izan du zelaia, eta Susaeta atera da haren ordez.

Levantek bilbotarren zalantzak eta presak aprobetxatu ditu bigarren zatian, eta jokoa askoz zorrotzagoa egin du, kontraeraso azkar eta arriskutsuak egiten hasi baita.

Horrela, etxeko taldea sarri hasi da Athleticen ate inguruetara hurbiltzen. Lehendabizi, Rogerrek izan du aukera nabarmena, buruz, baina horren errematea Herrerinen ateko zutoinaren albotik atera da. 59. minutuan, baina, Campañak ez du barkatu. Moralesek gogor jaurti du area barrutik, eta Levanteko erdilariak bi eta hutsekoa igoarazi du markagailura, bilbotarren atezainaren aldaratzea aprobetxatuta.

Hirugarren gola handik gutxira ailegatu da. Moralesek ezin hobeto egin du aurrera ezker hegaletik. Baloia area barrura erdiratu du, eta Campañak Roger aurrelariari eman dio, norgehiagokako azken gola sar zezan.

Hori gutxi balitz, Athletic hamarrekin geratu da, Jaime Latre epaileak Peru Nolaskoain egotzi baitu txartel gorri zuzena aterata, bideoarbitrajea erabili ondoren. Atzelari zuri-gorriak falta gogorra egin du zelai erdian. Hasiera batean, epaileak horia besterik ez dio erakutsi, baina, VAR sistema erabili eta gero, zelaitik kanporatzea erabaki du.

Gaurko porrotarekin Berizzoren taldeak jaitsiera postuetan jarraitzen du, Lehen Mailari eustea ahalbidetzen duten tokietatik hiru puntura.

Fitxa teknikoa:

Levante 3: Oier, Rober Pier, Chema, Cabaco, Jason, Campaña, Bardhi, Morales (Borja Mayoral, 88. min), Toño; Rochina (Vukcevic, 67. min) eta Roger (Boateng, 71. min).

Athletic Club 0: Herrerin, Nuñez, Nolaskoain, Iñigo Martinez, De Marcos, San Jose, Beñat (Raul Garcia, 70. min), Muniain, Ganea (Susaeta, 50. min), Williams eta Aduriz (Capa, 77. min).

Golak: 1-0, 48. min: Chema. 2-0, 59. min: Campaña. 3-0, 69. min: Roger.

Epailea: Jaime Latre. Txartel horiak: Campaña, Rochina eta Roger (Levante); Nuñez, Muniain eta Martinez (Athletic). Txartel gorriak: Nolaskoain (Athletic).

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    25 Zuzenean 17:00 - 20:00 PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena