Athletic club
2-2
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Emakumezkoen taldeak ere garaikur bera eskuratu du Deportivori 0-1 gailenduta.
Athleticek Teresa Herrera irabazi du. Argazkia: EFE
Athleticek penalti jaurtiketak behar izan ditu Deportivori Teresa Herrera txapelketa irabazi ahal izateko, norgehiagoka berdinduta amaitu baita arauzko denbora bete denean (2-2). Horrenbestez, Berizzoren taldeak Coruñako garaikurra irabazi du 35 urteren ostean. Dena den, Athleticek jokamolde gorabeheratsua erakutsi du, bera baino maila apalagoan ari den talde baten aurrean.
Deportivo atzetik joan da markagailuan ia hasieratik, baina ez du amore eman, nahiz eta zuri-gorriak bi aldiz jarri direnean aurretik. Hori bai, une erabakigarrian, Athletic askoz eraginkorrago agertu da penalti puntutik.
Bilbotarrek berehala lortu dute lehen gola (10. min). Raul Garciak hanka azpitik pasatzen utzi du berari zuzenduta zegoen pase bat, Mikel Ricoren desmarkea baliatzeko asmoz. Ondoren, Arrigorriagakoak egindako erdiraketari amaiera ezin hobea eman dio beste hegaletik sartu den Cordobak.
Deporrek, ordea, era berean erantzun du, hots, landutako jokaldi batekin. Baloia Saul Garcia ezker hegalekoari iritsi zaio, eta haren erdiraketa era ikusgarrian errematatu du Christian Santos Alaveseko jokalari ohiak.
Gerora, 24. minutuan, Mikel Rico lesionatu egin da, eta Susaetak bete behar izan du hark utzitako lekua.
Atsedenalditik bueltan, Berizzok hainbat jokalari berri sartu ditu zelaian (Ganea, San Jose, Beñat eta Aduriz), eta argentinarrak ez du asko itxaron behar izan aldaketa horien emaitza jasotzeko, Adurizek gola egin baitu 50. minutuan, ezker hankaz egindako boleakada batekin.
Deportivok ekinean jarraitu du, eta, horren ondorioz, etxekoen aldeko zenbait aukera iritsi dira. Horietako batean, Christian Santosek arrisku handiz errematatu du buruz, baina Herrerinek bikain erantzun dio. Gerora, berriz, Athleticen atezaina ez da hain fin ibili korner batean, eta Sommak gola egiteko aprobetxatu du. Aitzitik, epaileak baliogabetu egin du jokaldia, italiarraren falta egon delakoan.
Neurketa bukatzeko lau minutu besterik ez zirenean geratzen, galiziarrek berdinketa erdietsi dute Saul Garciaren bakarkako jokaldi baten bidez. Lekueri izkin egin dio area barruan, eta eskuinarekin egindako jaurtiketa txoko-txokotik sartu da.
Behin arauzko denbora amaituta, penaltiak iritsi dira. Zeregin horretan zuri-gorriak dezente hobeto moldatu dira etxekoak baino, eta azkenerako 1-4ko emaitzarekin gailendu dira.
Fitxa teknikoa:
RC Deportivo 2: Ortola; Gerard Valentín, Boveda, Somma (Fornos, 90. min), Saul Garcoia; Didier Moreno (Victor Garcia, 81. min), Pedro Mosquera, Krohn-Dehli (Vicente, 69. min); Fede Cartabia (Carles Gil, 56. min); Borja Valle eta Christian Santos (Joni Montiel, 81. min).
Athletic Club 2: Iago Herrerin; Capa (De Marcos, 69. min), Nolaskoain (Aduriz, 46. min), Iturraspe, Balenziaga (Beñat, 46. min); Guruzeta, Unai Lopez (San Jose, 46. min), Dani Garcia (Yuri Berchiche, 64. min), Cordoba (Williams, 64. min); Raul Garcia (Ganea, 46. min) eta Mikel Rico (Susaeta, 33. min. Lekue, 81. min).
Golak: 0-1, 10. min: Cordoba. 1-1, 17. min: Christian Santos. 1-2, 50. min: Aduriz. 2-2, 86. min: Saul.
Penaltiak: 0-1: Aduriz. 0-1: Mosquerak jaurti eta Herrerinen geldiketa. 0-2: Williams. 0-2: Bovedaren jaurtiketa kanpora. 0-3: San Jose. 1-3: Joni Montiel. 1-4: Iturraspe.
Epailea: Perez Pallas. Txartel horiak: Aduriz (80. min).
Neskak ere txapeldun
Athleticeko neskek ere txapelketa bera irabazi dute. Argazkia: EFE
Athleticen nesken taldeak ere txapelketa bera bereganatu dute Deportivori 0-1 irabazi eta gero. Neurketa erabaki duen gola 90. minutura heltzeko 12 minutu falta zirenean etorri da. Eunate Arraizak bere hankarik onena ez den eskuinarekin erdiratu du baloia area barrura, eta Malena Mieres galiziarren atezainari hankapetik igaro zaio.
Gizonezkoen kategorian gertatu legez, emakumezkoetan ere maila bateko aldea dago bi taldeen artean. Athleticek Iberdrola Ligan jarduten duen bitartean, Deporrek Bigarren mailan jokatzen du.
Hala ere, maila arteko jauzi hori ez da horrenbeste nabaritu lehen zatian, beharbada Joseba Agirre zuri-gorrien entrenatzaileak aldaketa ugari egin dituelako ohikoa duen hasierako hamaikakoarekin alderatuta, Deportivok baino gehiago egin ere.
Hartara, neurketa parekatua jokatu dute talde biek, baina zuri-gorrien fisiko ahaltsuagoa nagusitu egin da partidaren azken txanpan, eta bide horretatik iritsi da San Mamesekoen garaipena.
Fitxa teknikoa:
RC Deportivo Abanca 0: Miralles (Malena, 46. min); Cris, Laura (Merida, 46. min), Miriam, Patri Diaz (Raquel, 65. min); Alba Merino (Iris, 46. min), Teresa; Michelle Romero (Peke, 46. min), Lia (Kika, 46. min. Maya, 76. min), Erika (Nuria, 46. min) eta Gaby (Ali, 65. min).
Athletic Club 1: Andere Leguina; Oihane Hernandez (Andrea Sierra, 46. min), Vanesa Gimbert (Garazi Murua, 46. min), Ainhoa Alvarez, Marta Perea (Oihane Valdezate, 68. min); Maria Diaz Cirauqui (Ainhoa Vicente, 46. min), Jone Ibañez (Marta Unzue, 86. min), Damaris Egurrola (Eunate Arraiza, 46. min), Leia Zarate, Ane Azkona eta Erika Vazquez (Nekane Diez, 46. min).
Gola: 0-1, 78. min: Eunate Arraiza.
Epailea: Zulema Gonzalez. Txartel horiak: Erika Vazquez (Athletic); Laura eta Iris (Deportivo).
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa