21:27

Athletic club

Atzeratutako partida

Bi aurpegi azaldu dituen Athleticek puntu bat atera du Vallecasetik

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Zuri-gorriek lehen zati oso kaskarra jokatu dute, baina bigarren zatian atera den Raul Garciak beste itxura bat eman dio taldeari.

  • Iker Muniainek lurrean zegoela sartu du gola. Argazkia: EFE

    Iker Muniainek lurrean zegoela sartu du gola. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Rayok eta Athleticek berdindu egin dute asteazken honetan jokatutako joan-etorrikoa izan den norgehiagokan. Etxekoak aurreratu egin dira lehen zatian Pozoren golaren bitartez, eta, bigarrenean, Muniainek lortu du zuri-gorrien gola. Puntu banaketak ez die talde biei aparteko onurarik ekarri, sailkapeneko behealdean jarraitzen baitute, bizi dituzten bolada txarrei buelta eman ezinik.

Ia bi hilabeteren ostean, madrildarrek eta bilbotarrek irailaren 1erako aurreikusita zegoen partidan lehiatu dira elkarren aurka, bere garaian ezin izan baitzen jokatu Vallecasen egiten ari ziren lanengatik.

Neurketa polemikaren hasi da, epaileak, VAR teknologia baliatuta, baliogabetu egin baitu Raul de Tomasek 11. minutuan sartutako gola; izan ere, baloia kontrolatzeko garaian Rayoko aurrelariak eskua erabili duela iruditu zaio.

Nahiz eta gol hori markagailuan islatzea lortu ez, etxeko taldeak ez du amore eman, eta hurrengo minutuetan erabat nagusitu zaio noraezean ibili den Athletici. Hala, 22. minutuan, Rayok legezko gola lortu du Pozoren bidez, areaz kanpotik egindako jaurtiketa baten poderioz.

Bilbotarrek ezinean jarraitu dute atsedenaldira heldu arte. Apenas hurbildu dira Rayoren atezainaren inguruetara, eta gerturatu direnean geldikako jokaldi antzuen bidez besterik ez da izan.

Lehen zatian erasoko jokoan erakutsitako aldarte eskasaz jabetuta, Berizzok Raul Garcia zelairatu du atsedenalditik bueltan, desagertuta ibili den Iñaki Williamsen ordez.

Nafarrak beste itxura bat eman dio taldeari, eta atera eta berehala aukera garbia izan du burukada batean, baina Alberto Garcia Rayoko atezainak ia marraren gainean atera du baloia, geldiketa on bat eginda.

Jokaldi hori Athleticen jokoaren hobekuntzaren hasiera izan da, eta ondorengo minutuetan arriskuz gerturatu da Rayoren atezainaren inguruetara. Hala, 66. minutuan, jokaldi nahasi baten ostean, Raul Garciak buruz jo du baloia area barrua eta zutoinera joan da bere ahalegina. Aitzitik, aldaratzea lurrean zegoen Muniaini heldu zaio, eta altxatu gabe baloia sare barrura bota du.

Hortik aurrera, neurketa zoratu egin da; alabaina, Rayo izan da aukera garbienak izan dituena amaierara iritsi arte. Azpimarratzekoak izan dira Galvezek izandako bi abagune garbi.

Emaitza horrekin, Athletic hamazazpigarren da sailkapenean, 9 punturekin; Rayok, aldiz, 6 puntu ditu, eta azken-aurrekoa da sailkapenean.

Fitxa teknikoa:

Rayo Vallecano 1: Alberto; Advincula, Galvez, Amat, Alex Moreno; Comesaña; Embarba (Bebe, 90. min), Imbula, Pozo (Alex Alegria, 72. min), Kakuta (Alvaro Garcia, 61. min); eta Raul de Tomas.

Athletic 1: Iago Herrerin; De Marcos (Capa, 76. min), Nolaskoain, Iñigo Martinez, Yuri; Muniain, Dani Garcia (San Jose, 65. min), Unai Lopez; Susaeta, Williams (Raul Garcia, min. 46. min) eta Aduriz.

Golak: 1-0: Pozo, 22. min; 1-1: Muniain, 66. min.

Epailea: Cuadra Fernandez. Txartel horiak: Imbula (Rayo); Raul Garcia (Athletic).

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    25 Zuzenean 17:00 - 20:00 PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena