Athletic club
Manchester Cityko jokalaria
Erredakzioa
Manchester Cityko jokalari berriak, bere Instagrameko kontuan argitaratu duen idatzi baten bitartez esan die agur talde bizkaitarrari eta zale zuri-gorriei.
Aymeric Laporte. Argazkia: @AthleticClub
Aymeric Laporte Manchester Cityko jokalari berria da, astelehen honetan Ingalaterrako taldeak jokalari frantziarraren etete-klausula (65 milioi euro) ordaindu baitu Futbol Profesionaleko Ligaren egoitzan.
Laporte bere Instagrameko kontuan idatzi duen eskutitz batekin esan dio agur Athletici: "Lerro hauen bitartez, Athletici eta zaleei agur esan nahi diet. Agur esateko prentsaurreko bat eskaintzea gustatuko zitzaidan, baina Athletic prest egon den arren, ezin izan dut prentsaurrekoa eskaini, nire klub berriaren arauak betetzeagatik. Seguruenik, sare sozialetan gauzak publikatuko ditut nire sentimenduak azaleratzeko. Klubari idatzi diodana baino zerbait gehiago luzatuko naiz hemen".
"Mutiko bat nintzela Bilbora heldu nintzenetk, 2009-2010. denboraldian, esperientzia asko bizitzea egokitu zait; batzuk kirol-esparruan eta beste batzuk pertsona moduan. Orain naizen pertsona naiz, nola hartu ninduten eta eskaini didaten tratu onaren eraginez. Elkarkidetasuna, taldekidearenganako errespetua, erantzukizuna garaipenean eta porrotean... Gauza horiek guztiak erakutsi dizkidate hemen. Kirol erronkak ere gogoan ditut: Nire debuta jubeniletan duela 7 urte, nire lehen gola -Txantrearen aurka- maila horretan, Basconian jokatu izana, Bilbao Athleticen jokatu nuen garaia, nire lehen adiskidantzazko partida, lehen taldearekin debuta eta nire lehen adierazpenak mikrofonoen aurrean Europan, nire lehen gola -Getaferen aurka-, baita ikusi nuen lehen txartel gorria ere. Honek guztiak, ikasteko balio izan dit", gaineratu du jokalari frantziarrak.
Athleticen filosofiari buruz ere hitz egin du Laportek: "Talde berezi eta ezberdin bati buruz hitz egiten dudanean, Athletici buruz hitz egiten dut, eta ez da filisofia hobea edo txarragoa izatearen kontua. Asterixen eta Obelixen ipuin baten modan sentitu naiz. Bizipen honek Europa Ligan eta Txapeldunen Ligan jokatzea ahalbidetu dit, eta titulu bat ere irabazi dut Europako talde handienetako baten aurka jokatuta. Baina, batez ere, taldekide bikainekin, teknikari ezin hobeekin eta zelaitik kanpo ezagutu ditudan pertsona bikainekin egoteko ohorea izan dut".
Azkenik, bere irteera ez dela agur bat eta "gero arte" bat dela gaineratu du: "Athleticeko jokalaria izatea ez dut inoiz ahaztuko. Hemen egin naiz jokalari eta gizon. Horregatik gustatuko litzaidake hau agur bat ez izatea, gero arte bat baizik. Eskerrik asko bihotzez".
Hurrengo zuzenekoak
31 | 21:45 - 00:30 | ZESTA-PUNTA | Winter Series: Johan-Lekerika vs Olharan-Zabala eta Erkiaga-Ibarluzea vs Urrutia-Basque |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa