Athletic club
Errege Kopa, (1-1)
Erredakzioa
Raul Garciak 64. minutuan sartu duen golak kanporaketan aurretik egotea ahalbidetzen die bilbotarrei, baina joko kaskarra azaldu dute beste behin ere.
Ager Aketxe hasierako hamaikakoan atera da. Argazkia: EFE
Athleticek bana berdindu du asteazken honetan Formenteran jokatu duen Errege Kopako final-hamaseirenetako joaneko partidan. Zuri-gorriek emaitza positiboa eskuratu dute galtzen joan eta gero, baina norgehiagokak ez die balio izan Zigandaren mutilei azken boladan daramaten joko kaskarra itxuraldatzek.
Formenterak erasokor hasi du partida, eta hastapeneko minutuetan partidako erritmoaren ardura berak eraman du. Behin, lehen 10 minutuak igarota, Athleticek baloia eskuratu du eta jokaldiak lotzen saiatu da, baina ez du lan erraza izan, zelaiaren ezaugarri bereziengatik (belar artifiziala) eta etxeko taldea erabat atzean sartuta egon baita.
Horrela joan da partida, lehen zatiko ia ordu erdia bete arte. Athletic saiatzen zen Formenterako atezainaren inguruetara heltzen, batez ere Aketxeren urrutiko jaurtiketen bidez, eta Kike Solak area barruan egindako erremate baten bitartez, baina denak atezainaren eskuetara heldu dira gozo-gozo. Aurretik, Saboritek ez du baliatzen jakin Susaetak eskuin hegalean egin duen jokaldi polita. Eibartarrak bigarren zutoinera erdiratu du, baina ezker-hegalekoak langatik gora bidali du jaurtiketa indartsu bat.
Athletic apenas arriskurik sortzeko gai ez zela ikusita, etxekoak indarberritu egin dira, eta bi abagune arriskutsu izan dituzte atsedenaldira heldu bitartean, Kepak indargabetu dituenak. Horietako batean, 35. minutuan, geldiketa bikaina egin dio area barruan buruz errematatu duen Formenterako jokalariari.
Aldageletatik bueltan, partidak antzera jarraitu du: baloia Athleticena zen, baina Formentera gehiago hurbiltzen izan da. Hurbilketa horietako batean, etxekoek falta bat atera dute 61. minutuan, area barruan nahastea sortu da eta Fernando Liñan argi ibili da baloia sare barrura bidaltzeko.
Aitzitik, zuri-gorriek berehala berdindu dute lehia, 64. minutuan, hain zuzen ere. Kike Solaren ordez atera berria zen Raul Garciak primeran errematatu baitu buruz Saboritek ezkerretik erdiratu duen baloia.
Hortik aurrera, golak agertu baino lehen zeukan ildo beretik segitu du neurketak. Bilbotarrek baloia zeukaten, baina ez dute baliatu arrisku garbirik sortzeko, eta baleartarrek ez du gehiegi sufritu amaierara arte.
Fitxa teknikoa:
SD Formentera 1: Marcos Contreras; Fobi, Javi Rosa, Samuel, Tejera; Álvarez (Romero, 79. min), Gabri (González, 82. min), Liñán, Garmendia; Adrián Riera (Bonilla, 73. min) eta Juan Antonio Sánchez.
Athletic Club 1: Arrizabalaga; Lekue, Etxeita, Óscar Gil, Saborit; Vesga, Beñat; Susaeta, Aketxe (Íñigo Muñoz, 73. min), Sabin; eta Kike Sola (Raúl García, 61. min).
Golak: 1-0, 61. min: Fernando Liñán; 1-1, 63. min: Raúl García.
Epailea: González Fuerte (Asturiako batzordea). Txartel horiak: Samuel, Dailos, Gabri, Romero (Formentera) eta Etxeita (Athletic Club).
Hurrengo zuzenekoak
28 | 11:00 - 14:00 | PILOTA | Afizionatuen Diario Vasco Txapelketa |
28 | 17:15 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Artola-Mariezkurrena II vs Elordi-Zabaleta |
29 | 23:15 - 00:45 | ERREMONTEA | Binakako Txapelketako finala |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa