Athletic club
Porrota Zipren
Agentziak | Erredakzioa
Zuri-gorriek 2 eta 0 galdu dute Zipren (4-3, orotara) lehen zatian gola egiteko aukera argiak izan arren. Bigarrenean, APOELek bi gol egin ditu, eta 10 jokalarirekin geratu da.
Iñaki Williamsek aukera argiak izan ditu lehen zatian. Argazkia: Efe.
Athleticek ez du aprobetxatu APOELen zelaian izandako nagusitasuna eta Europa Ligatik kanpo geratu da Zipreko taldearekin itzuliko partida 2 eta 0 galduta. San Mamesen izandako emaitza kontuan hartuta, zuri-gorriak 4 eta 3ko emaitzarekin galdu dute kanporaketa.
Pieros Sotirou eta Yannis Gianniotas izan dira neurketako golegileak eta Athleticek erasoan izandako ideia falta zigortu dute.
Lehen minutuetan, APOELek partidako lehen aukera argia izan dute, Gianniotasek hasitako jokaldi bat Efremek errematatu duenean. Iraizozek baloia urruntzea lortu du.
Hortik aurrera, bi taldeek arazoak izan dituzte jokoa kontrolatzeko. Hala ere, arriskurik handiena Ernesto Valverderen taldeak sortu du: Iñaki Williamsek pare bat aukera oso argi izan ditu gola egiteko, eta Beñat ere gol olinpikoa sartzear izan da korner batean.
APOELen bi golak
Kanporaketa goitik behera aldatu da atsedenaldiaren ostean. Bigarren zatia hasi eta 20 segundora Zipreko taldeak lehen gola sartu du. Pieros Sotiriouk egin du, Etxeitari lekua kenduta eta Efremek ezkerreko aldetik egindako erdiraketa aprobetxatuta.
Gauzek okerrera egin dute 54. minutuan, epaileak Balenziagak Gianniotasi egindako penaltia adierazi duenea. Zalantza handiko jokaldia izan da. Iraizozek jaurtiketa igarri dio Gianniotasi baina ezin izan du baloia aldaratu.
Pierosi txartel gorria
65. minutuan, epaileak bigarren txartel horia atera dio Pieros golegileari eta etxeko taldea hamar jokalarirekin geratu da. Horrek Athleticen itxaropenak piztu ditu, eta jo eta ke aritu dira erasoan, baina orden gutxi eta ideia are gutxiagorekin.
Azkenean, Valverderen taldea galtzaile atera da Nikosiatik eta agur esan dio Europa Ligari.
Fitxa teknikoa
2 - APOEL Nicosia: Waterman; Milanov, Merkis, Astiz, Ioannou; Gianniotas, Vinicius (Ebecilio, 76. min), Nuno Morais, Efrem (Vander, 71. min); Barral (De Camargo, 61. min) eta Sotiriou.
0 - Athletic: Iraizoz; De Marcos , Etxeita (Iturraspe. 70. min), Yeray, Balenziaga; San José, Beñat; Susaeta (Villalibre, 57. min), Raúl García, Muniain; eta Williams.
Golak: 1-0, 46. min: Sotiriou. 2-0, 54. min: Gianniotas.
in: Gianniotas.Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa