Athletic club
Granadaren aurka
Leire Etxazarra | eitb.eus
Zuri-gorriek aukera argiak izan dituzte partida lehen zatian erabakita uzteko. Iñigo Lekuek egin du bilbotarren gol bakarra eta Adurizek penalti bat huts egin du.
Xabi Etxeita, aurkariz inguratuta. Argazkia: Efe.
Sailkapenean aurretik dauden taldeekin aldea murrizketako aukera ederra alferrik galdu du Athletic, San Mamesen Granadarekin bana eginda. Hiru puntuak ziurtatzeko aukera argiak izan dituzte, eta, azkenean, eskerrak eman behar izan dituzte El Arabik luzapenean egindako hutsagatik. 1 eta 2koa izan zitekeen, andaluziarren alde.
Neurketa okertuta hasi da bilbotarrentzat. Lehen minutuan Sabin Merinok min hartu du Foulquierrekin izandako jokaldi baten ondorioz. Valverdek zelaitik atera behar izan du, eta Iñigo Lekue sartu du bere ordez.
Lehen minutuak eskasak izan dira joko aldetik, erritmorik gabekoak eta etenaldi askorekin. Lehen 20 minutuak luze joan dira, aukera azpimarragarririk gabe. 28. Minutuan aldatu dira gauzak: Iraizozek atetik atera du, baloia Adurizek ukitu, Lekueri iritsi zaio, eta honek, autopase ederra eginda, Andres Gomez gainditu du. Gol ederra.
Neurketa bizkaitarren alde jarri da. 31. minutuan, jokaldi polemikoa izan da Granadaren arean. Baloiak atzelari baten eskuan jo arren, epaileak jarraitzeko agindua eman du eta Adurizen errematea langaren kontra joan da. Zuri-gorriek penaltia eskatu dute.
Baina 43. minutuan bai, orduan epaileak penaltia adierazi du Aduriz Granadaren arean jausi ostean. Zalantzazkoa. Donostiarrak berak jaurti du, baina baloia zutoinera joan zaio.
Gauzak horrela, bilbotarrak atsedenaldira iritsi dira, neurketa erabaitzea esku-eskura izan dutela jakinda.
Bigarren zatian, Granada saiatu egin da, baina arrisku handirik sortu barik. Lekuek beste aukera bat izan du 62. minutuan, baina baloia kornerrera atera da, gutxigatik. Partida bikaina egin du Lekuek.
Peñarandak, berdinketa
Norgehiagoka arriskutsu zegoen bilbotarrentzat, gol bakarreko aldearekin, eta usterik ilunenak gauzatu egin dira azkenean, 76. minutuan. Atzeko aldean motel aritu dira zuri-gorriak, eta Peñarandak ondo aprobetxatu du emandako aukera berdinketa egiteko.
Valverdek Williams sartu du Gurpegiren ordez, eta bigarren zatiko aukerarik onena izan du, baina erremateak zutoina jo du.
Eta luzapenean, El Arabik San Mames osoa beldurtu du, Gorka Iraizozen aurrean bakar-bakarrik gelditu denean. Zorionez, errematea indar barik atera zaio.
Fitxa teknikoa
1 - Athletic: Iraizoz; De Marcos, Etxeita, Gurpegui (Williams, 79. min), Balenziaga; San José, Beñat; Susaeta (Mikel Rico, 70. min), Raúl García, Sabin Merino (Lekue, 5. min); eta Aduriz.
1 - Granada: Andrés Fernández; Foulquier, Lombán, Babin, Biraghi; Rubén Pérez (Fran Rico, 67. min), Javi Márquez (Rober Ibáñez, 56. min), Dux, Cuenca; Peñaranda (Barral, 84. min) eta El Arabi.
Golak: 1-0, 28. min: Lekue. 1-1, 77. min: Peñaranda.
t="utf-8">¿¿ BIDEOA: Minutu bateko isilunea San Mamesen #athlive #ATHvGCF pic.twitter.com/Kl4YCU6RUA
— Athletic Club (@athletic_eus) 3 de abril de 2016
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa