Athletic club
San Mamesen
Leire Etxazarra | eitb.eus
Armaginek aurrea hartu dute markagailuan Bastonek egindako golarekin, baina zuri-gorriek emaitza irauli dute atsedenaldirako.
Albisteak (3)
Bideoak (1)
Athleticek Eibarren kontrako derbi ikusgarria irabazi du San Mamesen. Lehen gola Eibarrek egin du, baina armaginak indarra galtzen joan dira minutuek aurrera egin ahala. Zuri-gorriek, berriz, gora egin eta neurketa merezita irabazi dute.
Partida hasi eta gutxira, 3. minutuan, Borja Bastonek gipuzkoarren lehen gola egin du Ander Capak eskuineko aldetik zuzendutako kontraeraso bikain baten ostean.
Egoerak itxura txarra zuen Athleticentzat. Valverdek aldaketa asko egin ditu hamaikakoan, Boveda zentral postua jarri du, eta bilbotarrak makal aritu dira, konfiantza faltarekin.
Baina orduan Aritz Aduriz agertu da, 12. minutuan, Oscar de Marcosen pasea hartu eta gol ikaragarria eginez. Eibarrekoek protesta egin dute Ramis min hartuta egon delako, aldaketa eskatzen.
Norgehiagokako giltzetako bat 19. minutuan egon da: Saul Berjonek ezinezkoa zirudiena egin du. Bakar-bakarrik geratu da Herrerinen aurrean, eta errematea goitik egin nahi izan du, baloia langaren kontra bidaliz. Sekulako aukera huts egin du.
Beñatek ere lan bikaina egin du derbian. Berak eman ditu Athleticen hurrengo bi golen paseak: Sabin Merinok 2-1ekoa egin du 27.ean, eta Laportek 3-1ekoa 39.ean.
Atsedenaldiaren ostean, epaileak Laportek Enrichi penaltia egin diola adierazi du. Bastonek jaurti eta Eibar berriro neurketan sartu du, 3 eta 2koarekin.
Adurizek Eibarren erreakzioa eten du
Armaginek erreakzionatzeko aukera izan dute, baina, berriro ere, Aduriz agertu da, bilbotarren aldea handitzeko. Donostiarrak erremate ederra egin eta lehoien laugarrena egin du. Zoramena izan da San Mamesen.
4 eta 2koarekin, Athleticek atzera pausoa eman du, eta baloia Eibarren hanketan geratu da. Hala ere, gipuzkoarrek ez dute hori aprobetxatu, lanak izan dituztelako Herrerinen inguruetara iristeko.
80. minutuan, Mauro Dos Santosek baloia bere atean sartu du zorigaiztoko jokaldi batean. Athleticen bosgarrena izan da.
Azkenean, Valverderen taldeak merezitako garaipena lortu du eta 31 puntu ditu orain sailkapenean. Eibarrek, berriz, 33 punturekin jarraitzen du.
Fitxa teknikoa:
5 - Athletic: Iago Herrerín; De Marcos, Bóveda, Laporte, Balenziaga; San José, Beñat (Viguera, 83. min); Susaeta, Muniain (Mikel Rico, 72. min), Sabin Merino (Lekue, 78. min); eta Aduriz.
2 - Eibar: Asier Riesgo; Capa, Dos Santos, Ramis (Pantic, 14. min), David Juncà; Keko Gontán; Dani García, Adrián González (Escalante, 46. min), Saúl Berjón (Jota Peleteiro, 57. min); Sergi Enrich eta Borja Bastón.
Golak: 0-1, 3:. min Borja Bastón. 1-1, 11. min: Aduriz. 2-1, 27. min: Sabin Merino. 3-2, 49. min: Borja Bastón, penaltiz. 4-2, 52. min: Aduriz. 5-2, 80. min: Dos Santos, bere atean.
Hurrengo zuzenekoak
28 | 17:15 - 20:15 | PILOTA | Binakakoa: Artola-Mariezkurrena II vs Elordi-Zabaleta |
29 | 23:15 - 00:45 | ERREMONTEA | Binakako Txapelketako finala |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa