Athletic club
Itzuliko partida
Leire Etxazarra | eitb.eus
Zuri-gorriek gola egiteko aukera ugari sortu dituzte, baina huts egin dute azken metroetan. Zilinak ez du amore eman, eta arriskua sortu du azken minutura arte.
Albisteak (3)
Athletic Europa Ligako multzoen faserako sailkatu da, San Mamesen Zilinari 1 eta 0 irabazita (3-3 emaitza orokorrean). Gorka Elustondok egin du partidako gol bakarra.
Valverdek sei aldaketa egin ditu hasierako hamaikakoan, joaneko partidakoarekin alderatuta. Azkenera arte sufritu dute bilbotarrek, ez baitira partidan zehar izandako aukera ugariak aprobetxatzeko gai izan.
Susaetak izan du lehen aukera garbia 13. minutuan, baina jaurtiketa kornerrera atera da, atezainaren aurrean bakar-bakarrik zegoela. Zilinak lanak eman dizkie lehoiei partida osoan, espero baino gehiago, eta sarri iritsi dira Herrerinen inguruetara, benetako arriskua sortuz.
Neurketako gol bakarra Gorka Elustondok egin du, 24. minutuan. Realeko jokalari ohiak jaurtikera ederra egin du areaz kanpotik, eta baloia Valesak atezainaren atean sartu da.
Hortik aurrera, Athleticek partida poltsikoan izango zuela pentsatu dutenek ez dute asmatu. Ezta gutxiagorik ere. Aukera argienak Valverderen gizonek izan dituzte, baina neurketa ez dute inoiz kontrolpean izan.
Bigarren zatiko lehen minutuetan, Zilina jaun eta jabe izan da, eta bilbotarrak urduriegi ibili dira.
61. minutuan, Oscar de Marcosek baloia erdiratu, eta Susaetak beste aukera argi bat izan du, baina berriro egin du kale, ate osoa berarentzat zuenean. Athleticek bigarrena behar zuen lasaitasunez jokatzeko, baina ez da iritsi. Zaleek eta jokalariek ezin izan dute beldurra uxatu.
76. minutuan, Zilinak partidako bere aukerarik onena izan du. Kacerrek baloia indartsu jaurti, eta baloiak langan jo du. Eslovakiarrek ez du amore eman, gol bakarra sartuta kanporaketa beren alde jarriko luketela jakinda.
Azken minutuak luze joan dira, luzeegi, berdeguneko egoera ikusita. 90. minutuan izan du Zilinak azken aukera argia, baina ez dute azken errematean asmatu.
Azkenean, 1 eta 0. Zuri-gorriak, bada, multzoen fasean dira.
Fitxa teknikoa:
1 - Athletic: Herrerín; De Marcos, Gurpegui, Laporte, Lekue; Elustondo, Beñat; Susaeta (Mikel Rico, 85. min), Eraso (Aketxe, 73. min), Viguera (Sabin Merino, 58. min); eta Aduriz.
0 - MSK Zolina: Volesak; Vavro, Skriniar, Maza; Mabouka (Mihalik, 81. min), Pecovsky, Benes, Kacer (Spalek, 86. min); Paur, William eta Jelic (Cmelik, 67. min).
Golak: 1-0, 24. min: Elustondo.
Hurrengo zuzenekoak
28 | 11:00 - 14:00 | PILOTA | Afizionatuen Diario Vasco Txapelketa |
28 | 17:15 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Artola-Mariezkurrena II vs Elordi-Zabaleta |
29 | 23:15 - 00:45 | ERREMONTEA | Binakako Txapelketako finala |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa