Athletic club
Kordobaren aurka
Leire Etxazarra | eitb.eus
Zuri-gorriek ligako azken sailkatuaren aurka galdu dute, partida eskasa eginda, Ghilasen golaren ondorioz. Iñaki Williamsek debuta egin du lehen taldearekin.
Albisteak (3)
Athleticek denboraldiko bigarren porrota hartu du, Ligan, San Mamesen, orain arte partidarik irabazi gabe zegoen Kordobaren aurka. Bilbotarrek norgehiagoka txarra jokatu dute eta ez dira gai izan andaluziarrei neurria hartzeko.
Lehen zati kaskarra egin dute bilbotarrek; lehenengo 10 minutuak kenduta arrisku gutxi sortu dute zuri-gorriek. Valverderen taldea motel aritu da, abiadurarik gabe eta aurrera egiteko arazo askotxorekin. Ondorioz, Kordoba eroso aritu da, eta andaluziarrek gora egin dute minutuak aurrera egin ahala.
Lehen 20 minutuetan ez da gol aukerarik izan, erasoan makal aritu baitira bi taldeak. Kordobak ondo eutsi die bizkaitarrei eta partidaren kontrola Djukicen taldearena izan da. 23. minutuan iritsi da bisitarien gola; Ghilasek egin du, Iturrasperen huts galanta aprobetxatuta.
Golak ez du Athleticen jokoa piztu, eta Kordobak eroso jokatzen jarraitu du. 33.ean, Iturraspek gora jaurti du baloia, Williams debutariak emandako pasearen ostean. Lehen zatiko azken minutuetan bakarrik estutu du Athleticek Kordoba, golaren bila. Baina zorterik gabe.
Aldaketak, bigarren zatian
Valverderi ez zaio batere gustatu bere taldeak lehen zatian egindako lana, eta atsedenaldiaren ostean aldaketak egin dutu: Iraola eta Susaeta atera ditu, Beñaten eta Williamsen ordez. Eta zuri-gorrien jokoak hobera egin du, nabarmen. Kordoba estu eta larri ibili da, eta Susaetak eta De Marcosek izan dituzte aurkerarik argienak.
Baina Kordobak ez dio erasoan ateratzeari uko egin, eta 69.ean Campabadal bigarrena sartzear izan da; bakar-bakarrik geratu da Iraizozen aurrean, baina jaurtiketa kanpora joan zaio.
Valverdek Kike Sola zelairatu du, eta honek berdinketa egiteko aukera paregabea izan du, baina ez du baloia atean sartzerako orduan asmatu.
Azkenean, 0 eta 1, sei partidako bolada onari amaiera eman diote zuri-gorriek, ligako azken sailkatuaren aurka.
Fitxa teknikoa:
0 - Athletic: Iraizoz; De Marcos, Gurpegui, Laporte, Aurtenetxe (Sola, 68. min); Iturraspe, Rico, Beñat (Iraola, 46. min); Viguera, Williams (Susaeta, 46. min) eta Muniain.
1 - Kordoba: Juan Carlos: Campabadal, Pantic, Íñigo López, Pinillos; Luso, Abel (Ekeng, 73. min); Deivid, Fidel (Crespo, 66. min), Borja (López Silva, 85. min); eta Ghilas.
Golak: 0-1, 23. min: Ghilas.
3. min: Ghilas.Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa