Athletic club
0-0, Olympiakosen aurka
A.B.
Talde zuri-gorriak golik gabe (0-0) berdindu du Olympiakosen aurka Atenasen. Partida oso parekatua eta lehiatua izan da.
Albisteak (3)
Athleticek golik gabeko berdinketa (0-0) lortu du Olympiakosen aurka Atenasen jokatu duen partidan. Zuri-gorrien denboraldi-aurreko azken norgehiagoka izan da, eta Valverdek zuzentzen duen taldeak itxura ona emandu du Txapeldunen Liga jokatuko duen talde greziarraren aurka. Athleticek jokatuko duen hurrengo neurketa Txapeldunen Ligako atariko kanporaketako Napoliren aurkako joaneko partida izango da, abuztuaren 19an.
Ernesto Valverdek hamaikako honekin ekin dio talde greziarraren aurkako partidari: Iraizoz, Iraola, Gurpegi, Laporte, Balenziaga, Iturraspe, Mikel Rico, Unai Lopez, Ibai, Muniain eta Aduriz. Norgehiagoka erritmo biziarekin hasi da, eta lehen abaguneak talde zuri-gorriarenak izan dira. Ibairen boleakada oso gutxigatik kanpora joan da. Mikel Ricok ere saiakera egin du area kanpotik, baina bere jaurtiketa desbideratuta atera da, eta Adurizek egindako errematea Roberto atezainak gelditu du.
Talde zuri-gorriaren lehen abaguneen ostean, partida parekatu egin da. Lehiako 28. minutuan Maniatisek abagune ona izan du Olympiakosentzat, baina bere errematea kanpora joan da. Talde greziarrak beste bi abagune izan ditu lehen zatiaren azken txanpan, baina Iraizozek ondo konpondu du Laportek egin duen huts bat eta greziarrek hegaletik egindako erdiraketa on batek ez du errematatzailerik aurkitu. Horrenbestez, lehen zatia golik gabe amaitu da (0-0).
Bigarren zatiaren hasieran Athleticek sei aldaketa egin ditu: San Jose, De Marcos, Beñat, Susaeta, Aketxe eta Guillermo zelairatu dira a Laporte, Balenziaga, Mikel Rico, Unai Lopez, Muniain eta Aduriz jokalarien ordez.
Talde zuri-gorriak ondo ekin dio bigarren zatiari eta baloiaren jabe egin da. Olympiakoseko defentsa lerroa arazoetan sartu du Athleticek, baina zuri-gorriek ez dute aurkariaren ate aurrean asmatu. Talde greziarrak, 60. minutuan erantzuna eman du, ebaina Iraizozek ondo geratu du Kolovosen jaurtiketa.
Norgehiagokako 62. minutuan, Borja Viguera eta Moran zelairatu ditu Valverdek Ibairen eta Iturrasperen ordez. Olympiakoseko entrenatzailea den Michelek ere aldaketa asko egin ditu, eta partidaren erritmoak pixka bat behera egin du. 70. minutuan, Olympiakoseko atezainak arazoak izan ditu Beñaten falta jaurtiketa desbideratzeko, baina Guillermo eta Moran ez dira erne ibili aldaratzea jasotzerakoan. Hurrengo minutuan Borja Viguerak area kanpotik egin du saiakera, baina bere jaurtiketa langa urratuz kanpora joan da.
Etxeitak ere izan du minutu batzuk jokatzeko aukera eta 80. minutuan Gurpegiren ordez zelairatu da. Athleticek presio ona egin dio aurkariari azken minutuetan eta partidako azken abagunea ere zuri-gorriek izan dute. Aketxeren jaurtiketa, ordea, Olympiacoseko atezainak geratu du.
Fitxa teknikoa:
0.- Olympiakos: Roberto; Salino, Papadopoulos, Abidal, Masuaku; Maniatis, Samaris; Dossevi, Chori Domínguez, David Fuster; eta Diamantakos. Bigarren zatian jokatu dutenak: Botía, Kasami, Elabdellaoui, Megyeri, Saviola, Ndinga, Kolovos, Ghazaryan, Vouros, Avlonitis eta Bouchalakis.
0.- Athletic: Iraizoz, Iraola, Gurpegui (Etxeita, 79. min), Laporte (San Jose, 46. min), Balenziaga (De Marcos, 46. min); Iturraspe (Moran, 63. min), Mikel Rico (Aketxe, 46. min), Unai Lopez (Beñat, 46. min); Ibai (Viguera, 63. min), Aduriz (Guillermo, 46. min) eta Muniain (Susaeta, 46. min).
Epailea: Pappas (Grezia).
Hurrengo zuzenekoak
29 | 23:15 - 00:45 | ERREMONTEA | Binakako Txapelketako finala |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa