10:39

Alaves

Estrategia

Alavesek kluba maila gorenean egonkortzeko proiektuaren hiru ildo nagusiak azaldu ditu

EITB Media

Josean Querejeta klubaren akziodun nagusiak esan duenez, "estadioaren inbertsioari buruz, edozein dela ere, ez dago ezer itxita". Horrez gain, aitortu du Ibaiako kirol hiriaren berritze-proiektua amaituta egon behar dela 3 edo 4 urtean.

0:11
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Josean Querejeta Deportivo Alavesen akziodun nagusiak, abenduaren 18an, asteazkenean, azaldu zituen kluba futbolaren maila gorenean mantentzeko eta egonkortzeko hiru ildo nagusiak.

Estadioari dagokionez, argia izan zen, honako hau adierazita: "Arduratsuak izan behar gara, eta 50 edo 60 urterako proiektua izan behar da. Estadioaren inbertsioari buruz, edozein dela ere, ez dago ezer itxita". Gaineratu du, pandemiaren aurretik aurkeztu zuten 54 milioi euroko kostua zuen handitze proiektua gaur egun ez dela posible aurrera eramatea, bikoitza balio baitu, baina argitu du horrek ez duela Mendizorrotzako erreforma baliogabetuko.

Harrobiari dagokionez, Ibaiako kirol hiriaz hitz egin zuen. Haren eraldatzeari buruz mintzatu zen, eta aitortu baimen batzuk falta direla oraindik. "3 edo 4 urtean Ibaiak amaituta egon behar du. Gaur egun, 29 milioiko aurrekontutik ia 9 milioi inbertitu ditugu kirol hirian", ziurtatu zuen. Horrez gain, Alavesen jabetzakoa den Kroaziako NK Istra klubari buruz ere mintzatu zen. Horren gainean, hauxe adierazi zuen: "Ez da kapritxoa. Laster ikusi nahi ditut Istraren jokalariak Alavesen".

Amaitzeko, Querejetak gaineratu zuen klubak erosi egin duela 4.560 metro koadroko azalera duen eraikin enblematiko bat, 26 milioi euroko inbertsioa eginda. Gaur egun Euneiz unibertsitatea dago bertan, eta Alavesek ehuneko 30eko parte-hartzea du bertan. Gainera, Querejetak iragarri zuen bi enpresa espezializatuk 50 milioi euroan baloratu zutela Bakh kirol hiria. 2025eko udaren ondoren Ondare Living egoitza irekiko da, 287 plaza eta bi futbol zelairekin. Azkenik, Josean Querejetak adierazi zuen klubak nazioarteko ikastetxe bat sortuko duela "haien garapenerako Gasteiz aukeratzen duten jokalari gazteek heziketa-ziklo osoa hementxe egin dezaten".

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    20 16:15 - 19:00 PALA | Gabonetako jaialdia: Gaubeka-Gordon vs Madariaga-Urrutia eta Maldonado-Del Rio vs Fusto-Perez

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena