Alaves
EA Sports Liga
G. P. A. | EITB Media
Madrilgo taldeak hartu du aurrea markagailuan, eta Carlos Vicentek sartu du berdinketaren gola, 88. minutuan. Gorabehera askoko partida izan da, eta bi taldeek izan dute garaipena lortzeko aukera.
Dimitrovic eta Tenaglia. Argazkia: EFE
Deportivo Alavesek bana amaitu du Leganesen aurka, gaur, Mendizorrotzan jokatu duen EA Sports Ligako partida. Erritmo handiko eta abagune askoko partida izan da. Bi taldeek izan dute garaipena bereganatzeko aukera. Madrilgo taldeak hartu du aurrea markagailuan, eta Carlos Vicentek egin du berdinketaren gola, 88. minutuan, baloia area kanpotik jaurtita.
Babazorroek bizitasun handiarekin hasi dute partida, eta bigarren minuturako izan dute gola egiteko lehen aukera garbia. Tamalez, Carlos Martinek boleaz egindako errematea Dimitrovicek gelditu du.
Alaves hobeto hasi bada ere, Borja Jimenezen taldeak ez du gaizki jokatu, eta gasteiztarren oldarraldia gainditu ostean, erasoan min egiten saiatu dira madrildarrak. Lehen abisua 17. minutuan eman dute, baina Siverak geldiketa bikaina egin du, Renato Tapiaren burukadaren aurrean.
30. minutuan, berriz, beste esku-hartze ikusgarri bat egin du Alaveseko atezainak 0-1ekoa saihesteko. Leganes azkar ater da kontraerasoan, eta Rosierrek area barrutik egindako jaurtiketa kornerrera alboratzea lortu du Siverak.
Lehen zatia amaitzear zegoela, Carlos Vicentek abagune garbia izan du gola egiteko, area barrutik, baina baloia kanpora bota du, gutxiagatik izan bada ere.
Horrenbestez, golik gabe eta bi taldeetako edozeinek irabazi zezakeenaren sentsazioarekin bukatu da norgehiagokaren lehen zatia Mendizorrotzan.
Bigarren zatian ere sendo eta erasokor abiatu dute Luis Garcia Plazaren mutilek, baina ez dute Dimitrovicen ate aurrean asmatzen jakin, Carlos Vicente, Carlos Martin edo Kike Garcia saiatu diren arren.
Eta Alaves hobeto zegoenean iritsi da Leganesen kolpea, kontraerasoan egindako jokaldi azkar batean. Oscar Rodriguezek pasea eman dio Dani Rabari, eta honek egindako erdiraketa, Rodriguzek berak bidali du sarera, baloia bigarren zutabean buruz jota: 0-1.
Markagailuan atzetik jarrita, Luis Garcia Plazak aldaketak egin ditu, eta, besteak beste, Stoichkov zelairatu du. Alavesek aurrerapausoa eman du, baina Leganesek kontraerasoan min egiteko ahalmena erakutsi du.
Testuinguru horretan, eta Alavesek partida galdu egingo zuela ematen zuenean, Carlos Vicentek sartu du berdinketaren gola, area kanpotik jaurtiketa bortitza eginda.
Gol horrek taldea eta Mendizorrotzan bildutako zaleak berpiztu ditu, eta babazorroek erasora jo dute, emaitza iraultzeko asmoz. Azkeneraino saiatu dira, baina Leganesek ondo defendatu du bere burua, eta bana bukatu du mailari eusteko borrokan dabiltzan bi taldeen arteko norgehiagoka.
FITXA TEKNIKOA:
1 - Alaves: Sivera; Tenaglia (Romero, 77.min), Abqar, Mouriño, Diarra; Blanco (Toni Martinez, 70.min), Guevara; Carlos Vicente, Guridi (Jordan, 77.min), Carlos Martin (Stoichkov, 70.min); eta Kike Garcia.
1 - Leganes: Dmitrovic; Rosier, Sergio Gonzalez, Nastasic, Javi Hernandez; Renato Tapia, Neyou; Juan Cruz (Miguel, 63.min), Oscar, Raba (Chicco, 77.min); eta Diego.
Golak: 0-1, 67.min: Oscar. 1-1, 88.min: Vicente.
Epailea: Diaz de Mera Escuderos. Txartel hori atera dio Alaveseko Abwarri, eta Leganeseko Javier Hernandezi, Neyouri, Saenzi, Tapiari eta Borja Jimenez entrenatzaileari.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 12:00 - 14:00 | HARRI-JASOTZAILEAK | Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa |
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa