Alaves
EA Sports Liga
G. P. A. | EITB MEDIA
Lehendabiziko zatian babazorroek aurpegia eman badute ere, bigarrenean Marcelino Garciaren taldea nagusitu da. Ilias Akhomachek gol ederra sartu du atsedenaldia heldu baino lehen, eta 78. minutuan, partida erabat hautsi da, epaileak penalti eztabaidagarria adierazi ostean.
Nahuel Tenaglia eta Alex Baena. Argazkia: EFE
Alavesek 3-0 galdu du Vila-realen aurka gaur Ceramica estadioan jokatu duen partida. Luis Garcia Plazaren taldeak ez du maila nahikoa eman garaipena bereganatzeko, markagailuan aurretik jartzeko aukera izan badu ere.
Lehen zatia ez da txarra izan, baina babazorroak 1-0 galtzen joan dira atsedenaldira, eta bigarrenean, asko sufritu dute eta ez dira gai izan Vila-reali erasoan min egiteko.
Norgehiagoka hobeto hasi du Vila-realek, baina Alavesek ondo saihestu ditu etxeko taldearen oldarraldiak, eta, minutuak pasatu ahala, partida orekatzeko eta erasora jotzeko gai izan dira babazorroak.
Hain justu ere, lehendabiziko gol aukera garbia Luis Garcia Plazaren taldeak izan du, baina Kike Garciaren burukadak langa jo du, Diego Condek baloia eskuarekin urrundu eta gero.
Alaves zelaian nagusitzen ari zenean iritsi da Vila-realen gol ederra, Ilias Akhomachen eskutik. Buelta erdia emanda, aurrelari katalanak jaurtiketa bikaina egin du area ertzetik, eta Siverak ezin izan du ezer egin baloia sarean sartzea ekiditeko.
Bigarren zatian, Gasteizko taldea saiatu da urrats bat aurrera egiten, baina Vila-realek ez dio utzi, eta, kontraerasoan azkar aterata, bigarrenaren bila aritu da. Pepek bi gol egin ditu, baina epaileak bi jokaldiak baliogabetu ditu, jokoz kanpo zegoelako.
Hala, Alavesek partidan sartuta jarraitu du, eta berdinketa lortzen ahalegindu da. Alabaina, 78. minutuan, epaileak penaltia adierazi du Vila-realen alde, Manu Sanchezek baloia eskuarekin jo duelako. Erabaki eztabaidagarria izan da, baina VAReko epaileak berretsi egin du, eta Dani Parejok ez du barkatu: 2-0.
Emaitza horrekin, neurketa asko zaildu zaio Gasteizko taldeari, eta handik hamar minutura egin du Vila-realek behin betiko 3-0ekoa. Comesañak sartu du, taldearen jokaldi on bati bukaera ezin hobea emanda. Hortxe amaitu da partida.
FITXA TEKNIKOA
3- Vila-real: Diego Conde; Kiko Femenia (Pau Navarro, 23. min), Albiol, Costa, Sergi Cardona; Ilias Akhomach (Yeremi Pino, 46. min), Gueye (Comesaña, 72. min), Parejo, Alex Baena; Ayoze (Bernat, 84. min) eta Pepe (Barry, 72. min).
0- Alaves: Sivera; Tenaglia, Abqar, Pica, Manu Sanchez; Antonio Blanco, Guevara (Stoichkov, 68. min); Carlos Vicente (Conechny, 76. min), Rebbach (Carlos Martin, 51. min), Guridi (Jordan, 68. min); eta Kike Garcia (Toni Martínez, 76. min).
Golak: 1-0, 38. min: Ilias Akhomach. 2-0, 81. min: Dani Parejo, penaltiz. 3-0, 89. min: Comesaña.
Epailea: Quintero Gonzalez. Txartel horia atera die Sergi Cardonari, Guevarari, Abqarri eta Carlos Martini.
Gertakariak: Partidaren atarikoan, minutu bateko isilunea egin dute joan den asteko goialdeko depresioak Valentzian eragindako hondamendian izandako biktimen oroimenez. Bi taldeetako jokalariak 'Força Valencia' lelodun kamisetekin zelairatu dira, eta Vila-realek beltzez jantzita jokatu du, hildako guztiengatik atsekabea adierazita.
Vila-realeko eta Alaveseko jokalariek Valentziako biktimak oroitu dituzte. EFE
Hurrengo zuzenekoak
25 | 12:00 - 14:00 | HARRI-JASOTZAILEAK | Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa |
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa