Alaves
EA Sports Liga
I. G. | EITB MEDIA
Babazorroak 2-1 nagusitu dira Carlos Vicenteren eta Carlos Martinen golei esker, minutuek aurrera egin ahala menderatu duten partidan, Lukebakiok partidari emozioa eman arren.
Alaveseko jokalariak lehen gola ospatzen. Argazkia: EFE
Alavesek hirugarren garaipena lortu du ostiral honetan Mendizorrotzan Sevillaren aurka jokatu duen EA Sports Ligako seigarren jardunaldiko partidan. Babazorroak 2-1 nagusitu dira Carlos Vicenteren eta Carlos Martinen golei esker, minutuek aurrera egin ahala menderatu duten partidan, Lukebakiok partidari emozioa eman arren.
Partida erritmo lasaiarekin hasi da, bi taldeek jokatzeko inolako presarik gabe. Lehen ordu laurdenean ez dute atera jaurtiketarik egin, eta Sevillako taldea izan da arriskua sortzeko gertuen egon dena. Isaac partida hasi eta 10 minutura lesionatu da, eta zelaia herrenka utzi du.
Alavesek ez du aurkariaren arean sartzea ere lortu, baina izan duen lehen abagunea markagailua irekitzeko aprobetxatu du. Tenagliak hegaletik gora egin du, eta Carlos Vicenteri eman dio, honek lehen zutoinera jaurti du, eta Nylandek ezin izan du baloia gelditu (1-0).
Minutu gutxira, Toni Martinezek babazorroen abantaila handitu ahal izan du Siveraren sake luze bat baliatuta, baina jaurtiketa gora joan zaio, oso desbideratuta. Stoichkovek bai lortu du gola. Hasieran bazirudien atezainak garaiz atera duela lerrotik; epaileak, hasiera batean, balekotzat eman du gola, baina VARa berrikusi ondoren, baliorik gabe utzi du, Carlos Vicente jokoz kanpo zegoelako.
Geroago, Tenagliak ondo errematatu du falta batean egindako erdiraketa, baina baloia atezainaren eskuetara joan da zuzenean.
Bigarren zatian, etxekoek penalti eskatu dute Toni Martinezi area barruan egindako faltagatik; epaileak, dena den, ez du ezer adierazi.
Sevillak sustoa eman du Lukebakio atezainaren aurka bakarrik geratu denean; Siverak, hala ere, gola saihestu du. Eta jarraian, zorte pixka batekin, Gasteizko taldeak Carlos Martinen golarekin erantzun du. Carlos Vicentek erdiratu du, Stoichkovek buruz errematatu du langara, eta errebotean, Martinek sarera bidali du gerriarekin (2-0).
Jokoa bizkortu egin da, eta Sevillaren hurbilketa batean, Lukebakiok emozioa eman dio partidari, ezkerkada batez gola egin baitu (2-1).
Gasteizko taldea ondo defendatu da azken minutuetan, eta hiru puntuak eskuratu ditu.
Fitxa teknikoa:
2 - Alaves: Sivera; Tenaglia, Abqar, Sedlar, Sanchez; Stoichkov (Guridi, 71. min), Jordan (Mouriño, 89. min), Guevara (Blanco, 71. min), C. Vicente, Carlos Martin (Rebbach, 77. min); eta Toni Martinez (Kike Garcia, 77. min).
1 - Sevilla: Nyland; Carmona, Nianzou (Bade, 70. min), Kike Salas, Pedrosa (Barco, 66. min); Agoume, Sow (Gudelj, 70. min), Saul; Peque, Lukebakio eta Isaac Romero (Iheanacho, 14. min).
Golak: 1-0, 17. min: Vicente. 2-0, 60. min: Martín. 2-1, 84. min: Lukebakio.
Epailea: Alberola Rojas. Txartel horia atera die Guridi, Saul, Pedrosa, Bade eta Salas jokalariei.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa