20:45

Alaves

EA Sports Liga

Alavesek Valentziari irabazi dio Mestallan, eta datorren denboraldian Lehen Mailan jarraituko du (0-1)

EITB Media

Javi Lopezek egin du Alavesen gola, bigarren zatian. Babazorroek partida ona jokatu dute, baina norgehiagokaren azken txanpan asko sufritu dute, Valentzia berdinketaren bila joan denean.

  • Javi Lopezek sartu du Alavesen garaipenaren gola. Argazkia: EFE

    Javi Lopezek sartu du Alavesen garaipenaren gola. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Alavesek 0-1 irabazi dio Valentziari Mestallan, eta, ondorioz, ziurtuta dauka datorren denboraldian Lehen Mailan jarraituko duela. Babazorroek partida oso ona jokatu dute, eta gol gehiago sartzeko aukerak ere izan dituzte.

Norgehiagokaren amaieran, Ruben Barajaren taldeak gora egin du, berdinketaren bila, baina arabarrak emaitzari eusteko gai izan dira. 

Valentziak eta Alavesek bizitasunez ekin diote norgehiagokari, eta biek izan dute gola sartzeko aukera bana, partida hasi eta gutxira.

Lehendabiziko abisua Valentziak eman du, baina Diego Lopezen jaurtiketa oso gora joan da. Minutu bat geroago, Kike Garciak buruz errematatu du Carlos Vicenteren erdiraketa, eta baloiak zutoina jo du.

19. minutuan, berriro saiatu da Kike Garcia, area kanpotik jaurtiketa eginda, baina Jaume Domenech atezainak baloia aldaratzea lortu du. 29. minutuan, Benavidezek gogor jaurti du baloia, eta gutxigatik joan da kanpora.  

34. minutuan, Ruben Barajak lehendabiziko aldaketa egin du, behartuta; Domenech lesionatuta joan da aldagelara, eta Cristian Rivero sartu da haren ordez.

Babazorroek ondo kontrolatu dute Valentzia jokoa, eta arriskua sortu dute. Oro har, hobeto ibili dira, baina lehen zatia golik gabe amaitu da.

Atsedenalditik bueltan, Alavesek bereari eutsi dio, eta Giuliano Simeonek bi gol aukera izan ditu, jarraian. Lehendabizikoan, baloiak defentsa bati jo dio, eta bigarren jaurtiketa Riverok alderatu du.

Valentziak hobera egin du bigarren zatian, baina Garcia Plazaren taldeak lan ona egin du defentsan nahiz erasoko jokoan. Gasteiztarrek estrategiako jokaldi batean egin dute gola. Carlos Vicentek erdiratu du, eta Javi Lopezek baloia sarera bidali du, ezkerreko hankarekin jaurtiketa gogorra eginda.

Valentziak handik gutxira, 74. minutuan, lortu du berdinketaren gola, baina epaileak baliorik gabe utzi du, Diego Lopez jokoz kanpo egon delako. Hortik aurrera, Ruben Barajaren mutilek, aurrera egin dute nabarmen, eta erasora joan dira itsu-itsuan.   

Edonola ere, Alavesek sufritzen ere badakiela erakutsi du, eta ondo defendatu du bere abantaila. Areago, Giuliano Simeonek bigarrena sartzeko aukera izan du partidaren azken txanpan, baina baloia kanpora joan zaio.

Azkenean, 0-1 amaitu da norgehiagoka. Babazorroek 41 puntu bereganatu dituzte eta, beraz, matematikoki ziurtatu dute datorren denboraldian Lehen Mailan izango direla.

FITXA TEKNIKOA

0 – Valentzia: Jaume Domenech (Rivero, 34. min); Thierry (Foulquier, 76. min), Mosquera, Yarek, Jesus Vazquez (Cenk, 66. min); Peter Federico (Yaremchuk, 76. min), Pepelu, Javi Guerra, Diego Lopez; Andre Almeida (Canos, 46. min) eta Hugo Duro.

1 – Alaves: Sivera; Gorosabel (Rafa Marin, 54. min), Tenaglia, Abqar, Javi Lopez; Benavidez, Blanco (Guevara, 72. min), Guridi (Sola, 89. min); Giuliano, Carlos Vicente (Luis Rioja, 89. min) eta Kike (Samu, 72. min).

Gola: 0-1, 68. min: Javi Lopez.

Epailea: Melero Lopez. Txartel hori atera die Hugo Durorid, Blancori, Tengaliari eta Samuri.

Gertakariak: EA Sports Ligako 34. jardunaldia. 44.633 ikusle izan dira Mestallan.

 

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.

    Ez dago zuzenekorik

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena