Alaves
EA Sports Liga
EITB Media
Arabako taldea 2-0 nagusitu da Mendizorrotzan jokatutako EA Sports Ligako 32. jardunaldiko partidan. Benavidez eta Luis Rioja izan dira golegileak. Luis Garcia Plazak zuzendutako mutilek hiru neurketa jarraian zeramatzaten irabazi gabe.
Alaveseko jokalariak, Benavidezek Atletico Madrili sartutako gola ospatzen. Argakia: EFE
Alavesek 2-0 irabazi dio Atletico Madrili Mendizorrotzan jokatutako EA Sports Ligako 32. jardunaldiko partida. Azken hiru neurketak galtzetik zetorren Arabako taldea, eta bolada txarrari amaiera ematea lortu du. Horrez gain, salbazioa ia bermatuta utzi du.
Lehen minutuak nahasiak izan dira, eta nahasmen hori Alavesek baliatu du, 15. minutuan gola sartzeko; Benavidezek jarri du 1-0ekoa markagailuan, area kanpotik jaurtiketa ona eginez Oblak atezaina gaindituta.
Gainera, minutu bat geroago, abagune nabarmena izan du Arabako taldeak, baina Simenonek area txikitik egindako errematea kanpora joan da, langa gainetik. Gero, Arabako taldeak ez du gehiegi sufritu. Etxekoek zailtasunetan jarri dituzte bisitariak, eta Madrilgo taldea ezinean ibili da. Hala ere, koltxoneroek abagune argia izan dute 32. minutuan, baina Sivera atezainak saihestu du gola, Linoren jaurtiketa desbideratuta.
Lehen zatiko luzapenean, epaileak penaltia adierazi du Alavesen alde, Azpilicuetak baloia eskuarekin jo duelako area barruan, baina, azkenean, erabakia aldatu du jokaldia VAR sisteman ikusi ostean. Azpilicuetak argi jo dio baloiari eskuarekin, errebote baten ostean. Ligako 31. jardunaldiko Athleticen eta Vila-realen arteko neurketan, antzeko jokaldi batean, epaileak penaltia adierazi zuen Castelloko taldearen alde. Hurrengo egunean, Epaileen Batzorde Teknikoak komunikatu bat atera zuen erabakia azaltzeko; Alavesen eta Atletico Madrilen artekoan, ordea, ez zaio so egin komunikatuan esandakoari.
Atsedenaldiaren ostean, Madrilgo taldea erasokorrago zelairatu da. Den den, Alaves sendo ibili da defentsako lanean, eta ondo eutsi die aurkariaren erasoko jokaldiei. Gainera, kontraerasoan min egiteko aukerak izan ditu Luis Garcia Plazak zuzendutako taldeak, baina azken pasean asmatzea falta izan zaio.
Atletico Madrilek norgehiagokako 77. minutuan izan du bere abagunerik onena; Linok area barrutik jaurti, eta Siverak gelditu egin du. Bost minutu geroago, Alaveseko atezaina protagonista izan da berriro, Correaren jaurtiketa gurutzatuari erantzun bikaina eman baitio.
Azken minutuak atzean sartuta eman ditu Alavesek, baina gehiegi sufritu gabe, defentsako lan onari esker. Luzapenean, Arabako taldeak bigarren gola sartu du; kontraerasoko jokaldi bikaina ezin hobeto amaitu du Luis Riojak, gol ikusgarria eginez 2-0ekoa markagailuratuta.
Amaieran, Alaves garaile, 2-0eko emaitzarekin.
Fitxa teknikoa:
2 - Alaves: Sivera; Gorosabel (Rioja, 88. min), Tenaglia, Rafa Marin, Abqar, López; Blanco, Benavidez, Guridi (Guevara, 70. min); Kike García (Panichelli, 79. min), eta Giuliano (Vicente, 79. min).
0 - Atletico Madril: Oblak; Molina (Hermoso, 81. min); Savic (Raihani, 81. min), Giménez, Lino, Azpilicueta (Reinildo, 57. min); Barrios (Riquelme, 67. min), De Paul (Saul, 46. min), Koke; Correa eta Griezmann.
Golak: 1-0: 15. min, Benavidez. 2-0: 92. min, Rioja.
Epailea: Gil Manzano. Txrtel horiak atera dizkie Guridi (2. min), Lopez (6. min), Abqar (33. min), Benavidez (49. min) eta Marin (68. min) ALaveseko jokalariei, baita Correa (45. min), Azpilicueta (50. min) eta Savic (68. min) Atletico Madrileko futbolariei ere.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa